Kontzentrazioak Gasteizko egoitzen aurrean, Covid- 19k kutsatutako langile baten heriotza salatzeko eta babes-neurriak eskatzeko

2020/04/24

Gasteizko egoitzetako langile ugarik bost minutuko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, atzo Covid-19k hildako lankideari omenaldia egiteko eta enpresei eta Arabako Foru Aldundiari langile guztien segurtasuna eta babesa bermatzeko eskatzeko; izan ere, gaur egun, prebentzio-neurriak eta babes-ekipoak ez dira nahikoak. Horrez gain, egoitzetako kide guztiei testa egitea exijitzen dute.  Atzo egin zuen deialdia euskal gehiengo sindikalak, Gasteizko Caser Alto del Prado egoitzan lan egiten zuen laguntzaile baten heriotzaren berri izan ostean. Langileak egoitzako unitate soziosanitarioko laguntzaile gisa egiten zuen lan. Unitate horrek Osakidetzaren eta Aldundiaren mendeko pertsonak eta/edo zaintza-premia intentsiboak dituztenak artatzen ditu. Gaur egun 21 erabiltzaile daude unitate horretan, eta horietatik 20k positibo eman dute Covid-19an. Egoitza horretan, 30 erabiltzaile baino gehiago hil dira Covid-19ren ondorioz; heriotza horiei orain hildako langilearena gehitu behar zaie.