Kutxabank

Kontzentrazioa aldebakarrez gauzatutako kaleratzeak salatzeko

2025/07/30
ELA, CCOO, PK ALE eta LAB sindikatuek deituta, Kutxabankeko ordezkaritzaren % 94arekin, kontzentrazioa egin dute Bilboko egoitza nagusiaren atarian estatuan izandako sei kaleratzeen aurrean gaitzespenik sendoena adierazteko, hitzarmenean jasotako falten eta zigorren arloko bermeak bete gabe gauzatu baitira kaleratzeak.

Kaleratze horiek alde bakarretik egin dira, zehaztutako prozedura errespetatu gabe. Horrek babes falta argia ekarri die kaleratutako lankideei. Kutxabankek hitzarmenean finkatutako klausulei muzin egitea erabaki du, edozein zehapen-prozeduratan plantillari lagundu behar dioten berme sindikalak ezabatzeko, batez ere prozedura horrek kaleratzea dakarrenean.
Enpresak ez du zehapen-espedienterik ireki, eta horrek langileek norberen defentsarako argudioak aurkeztu ahal izatea eragotzi die, ezta sindikatuok prozesuan parte hartu ahal izatea ere, justizia eta gardentasuna bermatzeko. Argitasun falta horrek prozesu ilun bihurtu du kaleratzeen arrazoiei eta izaerari dagokienez, eta agerian uzten du lan-eskubideen urraketa larria.
Kutxabanken lan-harremanen ereduan aurrekaririk gabeko aldaketa zorrotza suposatzen duen egoera baten aurrean gaude, bai kaleratzeengatik beragatik, bai Hitzarmen Kolektiboan jasotako akordio eta bermeen ez-betetze nabarmenagatik. Jokabide hori are larriagoa da hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioaren testuinguruan gertatzen denean.
Hori dela eta, sindikatu deitzaileek erabat salatzen dute era horretako praktika arbitrarioak eta ustekabekoak; antza denez, Kutxabankeko goi-zuzendaritzak antolatutako estrategia bat da, plantillaren gainean beldur eta presio-giroa ezartzeko. Kaleratze horiek azkartasunez gertatu direnez, susmatzen dute ekintza horren atzean beldurra erabiltzeko asmoa dagoela, plantillari jada ezartzen zaion presioa areagotzeko.
Adierazitako guztiagatik, Kutxabankeko zuzendaritzari dei egiten diete atzera egiteko eta bere jarrera zuzentzeko.