Bizkaiko Etxez Etxeko laguntza zerbitzua

Kontzentrazioa egin dute EUDELen parean zerbitzua Udalen esku gera dadin eskatzeko

2024/07/12
Langileek salatu dute EUDELek ez duela eurekin bildu nahi izan.

ELAk deituta, etxez etxeko laguntzako langileak EUDELen Bilboko egoitzaren aurrean elkartu dira zerbitzua udalen esku gera dadin eskatzeko. Ekainean hasi zituzten mobilizazioak eta gaur Ortuella, Galdakao, Busturialdea, Zornotza eta Leioako udalerrietako langileak batu dira EUDELen, azken horren jarrera salatzeko.

Erakunde nagusiek (Eudel, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak) adinekoen zaintza sistema unibertsalerantz bideratutako gizarte politiken onurez hitz egiten dute, baina, aldiz, neurriak hartzen dituzte langileen eta zerbitzua jasotzen dutenen baldintzen kontra.

Gogorarazi dute %30 inguruko zerbitzu murrizketa jasan dutela, eta diru publikoarekin eskaintzen diren zerbitzuen %95 pribatizatuta daudela.

Bukatzeko, uztailaren 19an, Leioako udalean birmunizipalizaziorako dokumentuaren erregistratuko dute, Ortuellako eta Galdakaoko udaletan egin legez, zerbitzuen publifikaziorako negoziazioei hasiera emateko.