Kontzentrazioa Eibarko Egogain zahar-egoitzaren aurrean, kalitatezko zerbitzu publikoen eta arreta duinaren alde

Langileek, senideek, pentsiodunek, feministek eta, oro har, herritarrek elkarretaratzea egin dute irailaren 23an, 11:30ean, Eibarko Egogain zahar-egoitzaren aurrean, kalitatezko zerbitzu publikoen eta arreta duinaren alde. Azken urteotan jasan dituzten murrizketak salatu dituzte, egoiliarrek merezi duten kalitatezko arretari zuzenean eragiten diotelako.
Egogaingo langileek 2 urte daramatzate Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako langile-murrizketen eta mota guztietako murrizketen aurka borrokan, eta horrek langileen lan-baldintzak eta egoiliarrentzako arreta- eta zaintza-zerbitzuaren kalitatea okertu ditu, oso egoera ahulean baitaude.
ELAk Egogainen duen atal sindikalak adierazi duenez, "gaurko indarra erakustearen helburua gizartea eraldatzea da, bizitzak erdigunean jarriz, emakumeok egiten dugun zaintza-lanari balioa emanez, langileriaren alde eginez, kontzientzia sortuz eta izaera publiko, unibertsal eta kalitatezkoa duten adinekoen egoitzak defendatuz".
Behar hori argi eta garbi utzi du jasaten ari garen pandemiak.