Kontzentrazioa Jaurlaritzak inposatutako lanaldi berrien kontra

2023/02/07
Energia aurrezteko aitzakiarekin, Jaurlaritzak librantza egun kopurua murriztu egin nahi duela salatu dute sindikatuek. Lanaldi berriak kontziliazioan eragiten du gehien eta, ondorioz, emakumezkoak kaltetzen ditu bereziki. Sindikatuekin hitz egin gabe hartu du erabakia Jaurlaritzak eta mobilizazio egutegia aurkeztu dute sindikatuek.

Otsailaren 1ean hasi ziren EAEko administrazio publikoko lan ordutegi berriak, Eusko Jaurlaritzak bere kasa horrela erabakita. Inposatutako jardunaldi berri horien kontrako komunikatu bateratua argitaratu dute ELAk eta LABek eta kontziliazio eskubidea errespetatu nahi bada, ordutegi berriak sindikatuekin hitzartutakoak behar dutela adierazi dute.

Lan ordutegi berriaren ondorioz, orain arte zituzten eskubide batzuk galtzen hasi dira langileak. Administrazioaren eraikinak 19:00etan itxi beharrean 17:30ean itxiko direnez, lehen, goizeko 11:00etan sartzeko aukera zuten langileek (etxean dituzten beharrak atenditu ahal izateko, adibidez) orain ezingo dute hori egin. Kontziliazioa zailtzen duten aldaketa guztiek, orokorrean, emakumezkoak kaltetzen dituzte gehien.

Jaurlaritzak dio energia aurrezteko neurria izan dela baina, sindikatuen iritziz, “aitzakia baldarra” da hori. Izatez, langileen egun libreak eta kontziliazioa errespetatuko lituzkeen beste aukera asko zeuden, baina Gobernuak aztertu ere ez ditu egin aukera horiek. Administrazioaren benetako interesa komeni ez zaizkion lanaldi motak murriztea izan da, sindikatuen hitzetan.

Bazkaltzeko etenaldiak

Horrekin batera, bazkaltzeko etenaldia murriztu egiten da ordutegi berriekin. Eta orduak berreskuratu behar edo nahi dituzten langileak, ordaindu gabeko 30 minutuko etenaldia egitera behartzen dituzte, baldin eta 8 ordu edo gehiagoko lanaldia egiten duten.

Horregatik, ELAk eta LABek hurrengoa eskatzen diote Administrazioari:

• Otsailaren 1etik ezarritako egungo ordu-zirkularra bertan behera uztea.
• Sindikatuekin benetako negoziazioa abiaraz dezala, plantillarentzat inolako murrizketarik ekarriko ez duen akordio batera iristeko.
• Alde bakarrez sortutako ordutegi-zirkular berririk ez ezartzea, are gehiago adiskidetzeari kalte egiten diotenean.

Horrekin batera, dei egin diete sindikatuek langileei lan baldintzak duintzeko mobilizazioetan parte hartzeko.

Kontzentrazioak:

• Otsailak 7, asteartea. 11:00-11:30. Lanbide zerbitzu zentralak, Gasteiz.
• Otsailak 14, asteartea. 11:00-11:30. Andia, Donostia.
• Otsailak 21, asteartea. 11:00-11:30. Kale Nagusia, Bilbo.
• Otsailak 28, asteartea. 11:00-11:30. Lakua, Gasteiz.