EAEko administrazio orokorra
Kontzentrazioa Jaurlaritzari eskatzeko bertan behera utz dezala langileei ezarritako ordutegi zirkularra

Elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dute gaur Lakua parean, administrazioan Jaurlaritzak alde bakarrez ezarritako azken ordutegi zirkularraren kontra. Urkulluren gobernuak administrazioaren eraikinen ordutegiak aldatu ditu (19:00etan itxi beharrean, 17:30ean itxiko dira) eta, ondorioz, lanaldi modalitateak murriztu ditu, bereziki lanaldi mistoen eta zatituen B modalitatea. Horrela, orain arte zituzten eskubide batzuk galtzen hasi dira langileak. Adibidez, goizeko 11:00etan sartzeko aukera zuten langileek orain ezingo dute hori egin eta, horren kariaz, etxean izan ditzaketen beharrak ezingo dituzte atenditu: guraso nagusiak zaintzea dela, haurrak eskolara eramatea dela, etxeko kontuak egitea dela... Kontutan hartu behar da ere kontziliazioa zailtzen duten aldaketa guztiek, orokorrean, emakumezkoak kaltetzen dituztela gehien.
Energia aurreztearen aitzakia
Jaurlaritzak dio ordutegi berriarekin energia aurreztu nahi duela, baina sindikatuak ez datoz bat. Erabaki horren atzean dagoena langileen egun libreen murrizketa dela deritzote. Beste adibide bat jartzearren, Lakuak desagerrarazi duen B modalitatearekin, langileek aukera zuten egunero 8:15 ordu lan egiteko. Ohiko eguneko lan jardunean ezarritakoa baino gehiago direnez, ordu horiek pilatu egiten zituzten langileek, eta ondoren, egun libreetan berreskuratu. Orain ezingo dute hori egin. Modu berean, bazkaltzeko etenaldia murriztu die lanaldi zatitua egiten dutenentzat. Eta lanaldi jarraitua duten langileei, egunen batean orduak berreskuratu behar badituzte, ordaindu gabeko 30 minutuko nahitaezko etenaldia egitera behartu ditu, 8 orduko edo gehiagoko lanaldia eginez gero.
Administrazioak aldebakarrez eta sindikatuekin inolako negoziaziorik egin gabe ezabatu ditu langileen eskubide horiek. Horregatik, ELAk eta LABek honako hau eskatu diote administrazioari:
• Gaur egun indarrean dagoen ordutegi zirkularra bertan behera uztea.
• Sindikatuekin benetako negoziazioa abiaraz dezala, plantillarentzat inolako murrizketarik ekarriko ez duen akordio batera iristeko.
• Alde bakarretik ordutegi zirkular berririk ez ezartzea, are gehiago adiskidetzeari kalte egiten diotenean.
Bien bitartean, langileei dei egin diete euren desadostasuna adieraz dezatela hurrengo elkarretaratzeetan:
Kontzentrazioak:
• Otsailak 21, asteartea. 11:00-11:30. Kale Nagusia, Bilbo.
• Otsailak 24, ostirala. 11:00-11:30. Lan zentro guztietan.
• Otsailak 28, asteartea. 11:00-11:30. Lakua, Gasteiz.
Lanuzteak:
• Martxoak 2, osteguna. 11:00-13:00. Lan zentro guztietan.