Koronabirusak eragindako krisiaren #Irteera bat proposatuko du ELAk maiatzaren 14an zuzeneko emanaldi batean

2020/05/13
Onintza Irureta eta Lander Arbelaitz kazetariek gidatuta 18:00tan zuzeneko emanaldi bat egongo da. ELAren izenean Mitxel Lakuntzak, Mikel Novalek eta Maialen Aranburuk erantzungo dituzte sindikatuak aurkeztuko duen dokumentu politikoaren inguruko galderak. Programa euskaraz izango da; aurkezpena gazteleraz maiatzaren 19an izango da.

Covid-19ak eragindako mundu mailako krisia historian sekula ezagutu gabeko astindua izan da. Sorreran birus batek sortutako osasun krisi bat zena egungo sistema guztia astindu du goitik behera. Pandemia honek dagoeneko kinka larrian zegoen mundua ulertzeko modu bat kolpatu du. Baina ELA sinetsia dago krisi honek irtenbidea izan baduela, eta irteera honek oinarri bat duela; paradigma nagusia zalantzan jarri eta errotik eraldatu.

ELAk abagune honetatik irteteko dituen proposamenak 'Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa' izeneko dokumentuan bildu ditu. Sindikatuarentzat berebiziko garrantzia du bere proposamenak gizarte osoan zabaltzea.

Helburu hori lortu asmoz, bi aurkezpen publiko egingo ditu. Lehena maiatzaren 14an izango da, 18:00tan. Argiako Onintza Irureta eta Lander Arbelaitz kazetariek ELAko hiru ordezkari elkarrizketatuko dituzte: Mitxel Lakuntza -idazkari nagusia-, Mikel Noval -gizarte politiken arduraduna- eta Maialen Aranburu -ekintza sozialeko arduraduna-. Egungo osasun krisiak derrigortuta, aurkezpena ezin izango da jendearen aurrean egin, begi-bistakoak diren arrazoiengatik. Horregatik ELAren web orrialdean zuzenean jarraitu ahal izango da, eta norberak bere ekarpenak eta kezkak zabaltzeko aukera izango du. Aurkezpena euskaraz izango da.

Maiatzaren 19an dokumentuaren eztabaida gazteleraz izango da. Irantzu Varela eta Jonathan Martinez kazetariek gidatuko dute saioa, eta ELAren izenean Lakuntza, Noval eta Aranburu izango dira. Animatu, saioa ikusi eta parte hartu!