Koronabirusaren aurrean, lehentasunak: osasuna eta pertsonak

2020/03/15
ELAk gure eskubideak eta gure osasuna lantokietan defendatzeko honako argibide praktikoak zabaldu nahi ditu. Edozein zalantza baldin baduzu, deitu telefonoz sindikatura (kontsulta presentzialak sahiestu behar ditugu). Zaindu zaitez, zaindu gaitezen. Gure eskubideak defendatu ditzagun!

ELA-REN GIDA

Gobernuek hartutako erabakiekin langile asko lan egitera behartuta egongo dira, beren osasuna jokoan jarrita, sortutako egoera honetan lantokietan osasuna zaintzea da ELAren erabateko lehentasuna. Pertsonak zaindu behar ditugu. Horrekin batera, gure eskubideak babestu behar ditugu testuinguru honetan atzerapausorik eman ez dadin.

LEHENDABIZI OSASUNA

1. Enpresariek bermatu egin behar dute langileak Koronabirusaren aurrean babesten dituztela eta lanpostu bakoitzerako prebentzio neurri egokiak hartzen direla.

     a) Ahal den lan guztia etxetik bideratu behar da. Aurrez-aurre soilik ezinbestekoa den lana egingo behar dugu eta hau exijitu behar dugu.

     b) Ezinbestean lantokian lan egin behar izanez gero, aglomerazioak bai ala bai ekidin behar dira. Enpresariek, bereziki, lankide eta bezeroekiko distantziak gorde daitezkeela bermatu behar dute eta garbiketarako produktuak gure esku dauzkatela.

     c) Lanaren izaerarengatik esandako distantziak gordetzea ezinezkoa balitz, babes-neurri indibidualizatuak exijitu behar ditugu (EPIak). Hainbat esparrutan (osasungintzan edo zahar-egoitzetan) protokolo bereziak daude, hauek jarraitu behar dira.

     d) Bereziki sentiberak diren pertsonak (arnas-aparatuko edo bihotzeko gaixotasunak dauzkatenak, haurdun dauden emakumeak edo hauekin harremanetan dauden pertsonak) zaindu behar ditugu. Enpresei exijitu langile hauek etxean geratu ahal izatea.

2. Aurreko neurriak bermatuko ez balira gure burua eta, orokorrean, gizartea arriskuan jartzen egongo gara. Lehendabizi enpresari neurriak berehala hartzea eskatu eta, kasurik egin ezean, lana geldiarazteko prozedura hasi behar dugu. Hau bermeekin gauzatzeko jarri sindikatuarekin harremanetan.

MENPEKOTASUNA DUTEN PERTSONAK ZAINTZEA

Egoera honetan menpekotasuna duten pertsonen egoera zaintzea ere lehentasuna izan behar da, bai eskolak bertan-behera geratu izanagatik, bai inguruan zaintza beharrak dauzkaten pertsonak dauzkagulako. Enpresek posible egin behar lukete zaintza lanak betetzea, hau gertatuko ez balitz jarri harremanetan sindikatuarekin, hau bideratzen saiatzeko prozedura martxan jartzeko.

ENPRESEK JARDUERA ETETEA

Alarma egoerarengatik, osasun arrazoiengatik edo produkzio arrazoiengatik jardueren eteteak egon daitezke enpresetan. Eskrupulorik gabeko enpresariek egoera hau probestu dezakete langileon eskubideak murrizteko, jarduera etete hauek ezin dira langileen eskubideen kontura egin.

Prozedura hauetan hau zaindu behar dugu:

1. Enpresek emandako edozein agindu idatziz egin dezatela exijitu behar dugu.

2. Neurri traumatikoak hartu aurretik enpresek aukera dute bestelako erabakiak hartzeko (baimen ordainduak, telelana, lanaldia egokitzea...). Hauek izan behar dute lehentasuna!

3. Jarduera itxierak ERTE moduan izapidetuko dituzte kasu askotan. Legeak esaten duena kontuan izan behar dugu (gutxienekoak dira), baina sindikatuan antolatuta legeaz gaindiko neurriak adostu daitezke pertsonak hobeto zaintzeko. Kontuan izan:

     a) Ezinbesteko kasu moduan egiten badute (hala egiten saiatuko dira). Ezinbesteko kasu horietan enpresek bere kabuz hartzen dituzte neurriak, aplikatu egiten dira eta ondoren kontrolatzen da bere legezkotasuna. Kasu bakoitza zehazki aztertu behar dugu aurre nola egin erabakitzeko.

     b) Ezinbesteko kasuak ez direnean, prozedura arruntak langileen ordezkaritzarekin negoziatu behar dituzte.

     c) ELAk enpresei aldarrikatuko die neurri hauek hartu behar badituzte proportzioz hartzea (ezinbestekoa den denborarako) eta langile bakoitzaren egoera zaintzea (bereziki langabeziarako prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez duten pertsonak), eta horretarako langabezia prestazioa osatzea eskatu behar dugu. Neurri kolektiboak hartzerakoan behin-behineko langileen eta azpikontratatutako langileen egoera kontuan hartu behar dugu kaleratzerik egon ez dadin.

4. Oporrak: Ezin gaituzte oporrak hartzera behartu. Oporraldia langileekin adostu behar da eta bi hilabeteko aurreabisuarekin ezarri behar da.

Edozein zalantza baldin baduzu, deitu telefonoz sindikatura (kontsulta presentzialak saihestu behar ditugu).

ZAINDU ZAITEZ, ZAINDU GAITEZEN GURE ESKUBIDEAK DEFENDA DITZAGUN!