KPIaren gaineko soldata igoeren alde

2009/01/15
ELAk lan eta soldata duinak aldarrikatzen ditu bizitza duin bat izan ahal izateko, baita egoera ekonomiko honetan. Haatik, soldatek aurreko urteko KPIa baino hazkunde handiagoa beharko lukete, beti ere azken urteotan lan-errentek aberastasunaren banaketan izandako galera errekuperatze aldera. Abagune berri honi aurre egiteko lana eta aberastasuna hobeto banatu behar dira.

2008an prezioek %1,4ko igoera izan dute. Igoera handiagoa eman da oinarrizko elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan (%2,4) edota etxebizitzan (%5,9), zuzenki diru sarrera txikiagoak dituzten kolektiboak kaltetuz. Gainera, eta erregai edo gasaren prezioaren jaitsieraz aparte,  oinarrizko zerbitzu batzuen prezioak dezente  igoko dira 2009an: argindarra esate baterako (%3,5), ura (%2tik gora) edo garraio publikoa. Energi produktuek %7,2ko jaitsiera izan dute eta horrek eragin du KPI-aren  urteko bilakaera ohikoa baino txikiagoa izatea.

2008. urteko hilabete gehienetan prezioek izandako gorakada askoz handiagoa izan da bukaerako KPIa baino. Honek eskuratzeko ahalean egiazko galera ekarri du eta berau ez da antzematen %1,4 horretan.

Hazkunde ekonomikoaren garaian, lan-errentei aberastasunean dagokien pisuak beheraka egin du larriki. Egoera ekonomikoa berriak ekarri duen moteltzea dela eta behin eta berriro sinistarazi nahi digute langileek garela ondorioak ordaindu behar ditugunak. Honela, malgutasuna, behin behinekotasuna eta soldatak txikitzeko neurriak planteatu eta aplikatzen ari dira.