Lana sexuaren arabera banatuta, prekarietatea bermatuta

2016/03/08
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta ELAk formazio ekitaldia antolatu du gaur Donostian; ondoren manifestazioa egin da Gipuzkoa Diputazioaren egoitzaraino.Genero arloko arduradun Leire Txakartegi eta Jone Bengoetxearekin batera Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiak parte hartu du ekitaldi honetan.

Leire Txakartegik adierazi duenez bere hitzaldian emakumeen prekarietatearen oinarria ulertzeko abiapuntua lanaren sexuaren araberako banaketa da. Era honetan, emakumeok balio ekonomiko eta sozial txikiena ematen zaien lanetan gaudela azpimarratu du. "Horrela dago egituratuta enplegua, eta ez kasualitatez. Emakumeon enpleguak geure zeregin naturalaren luzapen gisa ikusten dira, ia ia hutsaren truke egin beharrekoak". Txakartegik azpimarratu du krisi garaian emakume eta gizonen arteko soldaten arteko aldea handitu egin dela.

Bestalde, gizartearen eraldaketarako aliantzak landu beharraz aritu da eta "gaurkoan borroka sindikala eta feminista uztartzearen" alde agertu da. "Feminismoak sindikalismoarentzat eta ELArentzat irakaspen asko eskeintzen dizkigu. Feminismoak emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen du, lanen eta denboren banaketa bidezkoagoa. Azken batean pertsonak eta bizitza bera jarri nahi ditu erdigunean. Hori da ELAren eredua ere", esan du.

Bide berdinetik, Jone Bengoetxearen esanetan "analisi politiko eta sozial aberatsak egin arren ikuspegi feminista kontutan hartzen ez duen eragile edo proiektu politikoa hanka motz geldituko da".

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak esan du azpikontratetako prekarietatearen aurka egiteko ELAk Herritar Legegintza-Ekimena (HLE) aurkeztu zuela Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, azpikontratetan lanean ari den jendearentzako, kasu asko eta askotan emakumeak, prekarietatearen hautua egin dute administrazioek.