Krisiak langilegiaren gain eragiten du eta enplegua suntsitzen du

2010/01/05
INEMeko zerrendetako langabe kopurua 168.854koa izan da abenduan Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 2.151 gehiago, eta 2008ko abenduan baino 35.261 gehiago, eta honek, %1,3 eta %26,4ko igoera islatzen du hurrenez hurren.

2008ko ekainetik izandako bilakaera aztertzen badugu, hau da, egungo krisi ekonomikoan zehar gertaturikoa, datuak are kezkagarriagoak dira, 67.116 pertsonatako igoera adierazten baitute, hau da, %66ko hazkundea.

Nazioarte mailan eragiten ari den ekonomi egoera honetan, Hego Euskal Herrian askoz enplegu gehiago deuseztatzen ari da bere inguruan baino; zehazki, 27-EBn enpleguaren %28,6a deuseztatu da 2008ko urri eta 2009ko urriaren bitartean, eta Hego Euskal Herrian, aldiz, %42,6a. Ondorioa garbia da: krisia enplegua suntsitzeko aitzakiatzat erabiltzen da Hego Euskal Herrian, horretarako, enpresariek hautatu duten behin-behinekotasun altuaz baliatuz. Ohartarazi beharra dago, horretarako, administrazioen oniritzia izan dutela.

Behin-behineko kontratuen gehiengo handia lege-iruzurrean burutzen bada ere, ez da aldaketarik nabari honetan. Alderantziz, 2009an Hego Euskal Herrian sinaturiko kontratuen %92,3a behin-behinekoa izan da, 2008ko %90,9aren aldean.

Egoera oso larria da, biztanleria langabetuaren erdiak baino gehiagok (%55,4ak) ez baitu langabezi sari kontributiborik jasotzen, eta hirutik batek (%32,4ak) ez baitu inolako langabezi saririk jasotzen (ez kontributiborik, ez ez-kontributiborik).

Errentaren banaketan posizio galera ekarri diote langileriari ekonomi hazkundeko urteek, eta egoera honetan ere, joerak berdin jarraitzea nahi dute, langileok sortarazi ez dugun krisi baten ondorioak guri ordainarazten. ELAk errentaren banaketa justuagoa aldarrikatzen du: enplegu gehiago, kalitatezko enplegua eta estaldura sozial duinak.