Kultura sailaren eta ELAren arteko bilera. Lan munduan ere euskaraz

2006/01/11

Lan munduan euskararen egoera zertan den eta hizkuntzaren normalkuntza areagotzeko egin daitezkeen urratsak aztertzea izan da gaur arratsaldean Jaurlaritzako Kultura sailaren eta ELAren artean izan den bileraren asmoa. Miren Azkarate Kultura sailburua eta Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia buru zirelarik izan da bilera, sindikatuaren Bilboko egoitzan.

Elorrietak adierazi duenez, Kultura saileko hizkuntza politikako arduradunek 2005-2009 epealdirako prestatu duten egitasmoan hainbat ideia interesgarri dago, adibidez euskararen aldeko adostasun politiko-sozial zabala lortzea eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari buruzko eztabaida hedatzea. Elorrietaren iritziz, "euskararen aldeko indar guztiak batu behar ditugu; hori bai, zeregin asko Administrazioari dagozkio, eta bere ekimen politikorik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea".

Bestalde, sindikatuaren ustez garrantzitsua da euskara garatzeko hizkuntza politika esparru guztietan aintzat hartzea, hots, sail guztietan euskara erabiltze aldera hizkuntza politika eragingarria egitea; horregatik, ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez, "Lan eta Industria sailek asko daukate honekiko esateko eta egiteko".

Aipatutako egitasmotik ELAk ontzat eman du oinarrizko egitekoen artean eragile ekonomiko nagusiak, Lan Harremanetarako Kontseilua eta arlo sozio-ekonomikoarekin lotura duten herri-erakundeetako sailen papera azpimarratzea.

Normalkuntzarako plan orokorra

Jose Elorrietaren hitzetan, "Jaurlaritzak enpresetan normalkuntza sustatzeko plan orokor bat egin beharko luke, eta ez soilik dirulaguntzak eman; beharrezkoak dira ere sektore eta lantoki jakinetako diagnostikoak, baliabide ekonomikoak eta teknikariak, zein planak betearazteko bestelako neurri batzuk".

Gai hau behar bezala garatzeko, sindikatuen parte hartzeaz ELAk baldintza batzuk agertu dizkio Jaurlaritzako ordezkaritzari: lan-munduan euskararen normalkuntzari ekiteko, enpresa-buruez gain, sindikatu guztiek parte hartu beharko lukete, eta baliabide publikoak zuzenean enpresa edo sektore mailako normalkuntza-planetara bideratuko lirateke. Gainera, beharrezkoa litzateke enpresa-batzorde eta zuzendaritzaren artean normalkuntzarako akordioa, gauzatzeko bitarteko zein kontrol publikoak, eta jarraipena.

Enpresa pribatuekin batera, normalkuntza plan orokor horrek kooperatibak eta sektore publikoa ere hartu beharko lituzke: "Administrazioetako zenbait sektore eta enpresatan normalkuntza orain arte baino erabaki handiagoz bultza behar da", esan du Elorrietak.