Kutxabank-eko Lehendakariari soldata %73 igotzea iseka da

ELArentzat soldata-igoera hori erokeria bat da, lotsagabekeria galanta.
Gure oraingo egoeraren testuinguruan, non gizarte-desberdintasuna hain handia den, non soldata errealak jaisten diren, non prekarietatea eta zapalkuntza zabalduz doazen, non langabezia ikaragarria den, non jendeak bere etxea galtzen duen hipoteka ordaindu ezinik, non gizarte-jantokiak gainezka dauden jatekorik ez duen jendeaz... Kutxabank-eko lehendakaria den Villalabeitiaren soldata %73 igotzea (soldata 800.000 euro) gizarte osoari iseka egitea da. Lehendakaria diruz okitzen den bitartean, hipoteka-maileguen eskubideak putre-funtsei saldu dizkie, milaka euskal familiari hipoteka exekutatu diezaieten.
Erabaki horrek talka egiten du aurrez aurre Kutxabank-eko langileen lan-baldintzekin: soldata-izozketa hainbat urtetan, lan-eskubideetan murrizketak, ehundik gora langile Gipuzkoatik Bizkaira joan behar dira lanera inolako konpentsaziorik gabe. Eta kontrajarrita dago azken hiru urteetako 1.100 lanpostu baino gehiagoren suntsipenarekin.
Pribatizazio-prozesuan aurrera egin da, ez dago beste helbururik pribatizazioa baino, eta beste edozein finantza-erakunderen antzera jokatu nahi dute.
Lehendakari berriak adierazi duen helburu bakarra errentagarritasuna da, eta ildo horretatik doa. Bere asmoa erakundea erakargarri bihurtzea da inbertsiogile pribatuentzat, kapitala ekar dezaten, eta atarramendurik onena atera dezaten.
Lansarien igoera hori Kutxabankeko Administrazio Kontseiluaren oniritziaz egiten da, eta noski, Kontseilu horretan ordezkaritza duten alderdi politikoen oniritziaz. Herritarrentzat murrizketak eta ahaleginak, adiskideentzat soldata lizunak beren ontzat emanarekin. Ez dute batere lotsarik.
Soldata-igoera hori erokeria hutsa da, lotsagabekeria iraingarria. Kutxabankeko langileok eta gainerako herritarrok guztiz suminduta gaude.