Kutxabankeko akordioa ez du sinatu ELAk
CCOO, PK eta GIV sindikatuek amore eman zuten atzo, eta Kutxabanken I. Hitzarmenaren aurre-akordioari zilegitasuna eman zioten, beren sinadura jarriz. Men egin zioten enpresari alderdi guztietan, bai edukietan, bai lorturiko akordioak betearazteko bermeetan.
Sindikatu horiek enpresaren abiapuntuko tesia onartu zuten, “krisi orokorra” delakoa; eta horren aitzakiatan murrizketak sartu dira. Hasierako hipotesi hori oinarritzat hartu eta Kutxabank-en egoerara ekarri dute besterik gabe, eta parekotasun hori ez da batere orekatua. Sinaduraren atzean Euskadiko ordezkaritzaren %51 murritza dago, batzen baditugu hiru sindikatu sinatzaileek Euskadiko Kutxabanken dituzten ordezkaritzak (CCOO, Pixkanaka eta GIV).
BBKren batzarraren ondotik, joan den apirilean, Mario Fernandezek adierazten zuenez, plantillarekin kontuak neurtzeko garaia heldu da. Kutxabankeko langileentzako ondorioak hauek dira:
Plantilla babestu beharrean, CCOO, PK eta GIV sindikatuek estaldura emango diote murrizketak baino ez dituen hitzarmen bati:
-
Soldata-izozketa 2013 eta 2014 urteetan, nahiz eta Kutxaren eta Vitalen hitzarmenetan, oraindik indarrean, EAEko KPIren pareko soldata-igoera jasota egon 2013rako.
-
2015 eta 2016 urteetarako, %1,50eko eta EAEko KPIren pareko igoerak.
-
2013. urtean ekarpenik ez, gazteenen enplegu-BGAEetarako.
-
Antzinatasun-osagarria sortzeari murrizketa.
-
25 urteetako ordainsaria kendu, langile sartu berrientzat. (Diskriminazioa).
-
Osagarrietan murrizketak edo ezabaketak.
-
Lanbide-karrerak ezabatzea.
-
Bulegoen sailkapenean beherakada.
-
Hitzarmenetik kanpo sinatzaileek itun bat sinatu dute soldatak murrizteko mekanismo automatikoa aplikatzeko. Horretarako, negozioaren aldagai batzuk hartuko dira kontuan, baina ez da kontrol-sistemarik egongo.
-
Hitzartu diren baldintzak benetan aplikatuko diren ziurtatzeko bermerik ez dago (aurrera-eraginik ez, eta hitzarturiko baldintzak salbuesteko aukera).
-
Horrekin batera gehitu behar da Kutxabank abiatu zenetik suntsitu den enplegu guztia (790 postu), eta CajaSur-era deslokalizatu diren postuak. Ez da neurririk hartu Kutxabank-eko enplegu-suntsipenaren odolustea ixteko.
Hitzarmen hori sinatu ostean, argi geratu da ELArentzat, Euskadiko Kutxabankeko sindikatu nagusiarentzat, enpresaren helburu estrategikoari —lan baldintza eta eskubideak galtzea— babes eta estaldura zabala ematen diotela gutxiengoko sindikatu sinatzaileek. Horrela, laguntzaile eta erantzulekide bihurtu dira Kutxabankeko enplegua suntsitzeagatik eta lan-baldintzak hondatzeagatik.