Kutxabanken pribatizazioa salatzeko elkarretaratzeak Bilbo eta Gasteizen

2014/06/30
Kutxabanken pribatizazioa salatzeko elkarretaratzeak Bilbo eta Gasteizen
Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformak deituta -tartean ELA- gaur arrtsaldean elkarretaratze egin da Bilbon BBK-ren batzarra ospatzen ari zen bitartean. Ilunabarrerako beste elkarretaratzea deitu da Gasteizen. "Euskal Herrian sistema finantziero publikoa. Kutxabank pribatizaziorik ez!" lelopean ehunka pertsona elkartu da protesta honetan. BBK eta Vital ekainaren 30ean banka-fundazioa bihurtzea ez dela derrigorrezkoa salatu dute.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek batzar hauetan adierazi dutenez Kutxabanken lehentasuna euskal gizartearen eta bere ekonomia produktiboaren zerbitzura jartzea dela esan dute. "Hau egiteko, derrigorrez, Kutxabanken titulartasunak eta kontrolak gizartearen eta bere erakundeen eskuetan egon behar du. Kapital pribatua sartzeak erabateko aldaketa ekarriko luke, kapitalaren etekinak eta dibidenduak izango liratekeelako helburu, beste edozein bankutan bezala. Kutxabank defendatzeak konpromezu zehatza eskatzen du: kapitalaren %100ak aurrezki-kutxen eskuetan jarrai dezala".

Bestalde, Kutxabanken Euskal Autonomi Erkidegoan, azken hiru urteetan, 1000 lanpostu baino gehiago suntsitu direla salatu dute. "Gainera, langile gehienen borondatearen aurka, estatu mailako hitzarmen bat inposatu da, lan baldintzak prekarizatzen dituena. Kutxabanken euskal eremuko hitzarmen baten negoziazioa eskatzen dugu eta lantaldea handitzea gure erakundean kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko", azpimarratu dute.