Kutxabanken pribatizazioaren aurkako elkarretaratzea Auzitegi Nagusiaren aurrean

Plataformaren Agiria:
Mikel Cabieces PSEko ordezkariari emandako faborezko tratuari buruz argitaratu diren albisteen harira, Kutxabank pribatizatzearen aurkako plataformak honakoa adierazi nahi du:
-
Kutxabanken kontrol publikoa eta soziala kentzeak iruzurra, klientelismoa eta faborezko tratuak errazten ditu, esaterako egunotan ezagutu den kasu hau. Kutxabank kapital pribatuaren esku utzi nahi izateak horrelako gertakariak ahalbidetzen ditu.
-
Aurrezki-kutxak Banku edo Kutxak Banku-Fundazio bihurtzea (inolako kontrolpean ez dagoen Patronatu bat eratuaz) akordio politiko baten ondorio izan da (EAJ, PSOE eta PPren artean), eta hedabide nagusien babesa ukan du. Prozesu hau bera bultzatu dutenen arteko postu eta prebenda banaketa bilakatu da. Hain zuzen, Kutxabankek horregatik ordaindu dio bulego laboralista bati hilean 6.000 euro, Alderdi Sozialistako buruzagi baten “soldata” gisa; alderdi horrek pertsona bera BBKren Patronatuko kide izendatu zuen.
-
Egoera honen atzean (eta ziurrenik ezagutuko diren beste batzuren atzean) Euskal Kutxak eta Kutxabank pribatizatzeko urratsak negoziatu eta hitzartu dituzten arduradun politikoak daude; eurek egin dituzte izendapenak, eta aukera izan dute bankutik bertatik faboreak jasotzeko, jendea kolokatzeko, ate birakaria erabiltzeko, etab.
-
Honelako jokabideek onuradun bakarra dute, bankuaren balioa jaistea nahi dutenak, gero akzioak albait merkeen erosteko. Hori gertatu ohi da banku-sektoretik datorren jendea jardun publikoa gidatzen hasten denean, esaterako Kutxabankena.
Gertatu denak gure iritziz ezinbestean erabaki batzuk hartu beharra dagoela berresten du:
-
Kutxabanken pribatizazio prozesu bertan behera utzi; baita Banku-Fundazio bilakatzeko prozesua, zein bankarizazioa ere.
-
Kutxabankeko akzioen jabegoa berehala erakunde sortzaileei itzuli eta Legez kudeaketa argi eta gardena ezartzea. Kutxabanken akzioak ezin dute jende honen esku minutu bat gehiago ere egon.
-
Konpromisoa galdegitea, akzio bat ere ez dela kapital pribatuaren esku utziko.
-
Kutxabankeko zuzendaritza eta Kontseilua berehala demokratizatzea, espekulatzaile eta bankarien esku eror ez dadin.
-
Euskal araugintz-marko bat sortu finantza-sistema publiko bat garatze aldera, herritarren onerako eta ez akziodun gutxi batzuren mesederako.