Kutxaren batzordeko ELA eta LABen ordezkariek ez dute parte hartuko Banku-Fundazioaren Patronatua izendatzeko prozesuan
ELAk eta LABek hasieratik adierazi dute Kutxabanken kapital pribatua sartzeko aukeraren aurka daudela, eta salatu egin dute Kutxak likidatu eta Kutxabank pribatizatzeko prozesua (Bizkai eta Araban hau aurreratuta dago, Kutxak banku-fundazio bihurtu baitira; halaber, patronoak ere izendatuta daude: hauek inolako kontrol publiko eta sozialik gabe erabakiko dute akzioen salmenta).
Bizkai eta Araban egin duten gauza bera orain Gipuzkoan proposatzen dute, axaleko aldaketa txiki batzuk gorabehera, jendarteari sinetsarazteko gauzak hobeto egingo direla.
ELAk eta LABek goitik behera baztertzen dute norabide horretan urrats gehiago egitea, eta Euskal Kutxen izaera publiko eta sozialaren defentsa exijitzen dugu; kutxetan jasotako aurrezkia euskal jendartearentzat erabilgarri izan behar da, ez akziodunen onerako. Aurrezkiarekin zer egin behar den Euskal Herrian erabaki behar da, ez banku handien bulegoetan.
Jarraitu beharreko bidea botereen mesedetan erabakitzen duten alderdi politikoek (EAJ, PP eta PSE) eta zenbait sindikatuk hautatu duten estrategia salatu behar dugu: CCOOek eta Gipuzkoako Pixkanakak Kutxabank Euskal Kutxen pribatizazioan lankide izatea erabaki dute, erakundeon izaera publiko eta sozialaren lepotik; horrela babesa ematen diote langileen baldintzen okertzeari eta enplegu galerari.
Behin eta berriz esan dugu Kutxabankek hartutako bideak baduela alternatibarik; honi buruzko eztabaida soziala hasi beharra zegoela adierazi izan dugu. Horren ordez aukera bakarra jarri dute mahai gainean, inolako eztabaidarik gabea. Kutxako Patronatuan langileen ordezkariak izendatzea Mario Fernandez Kutxabankeko buruak daraman atzerabiderik gabeko egintzen logikaren baitan dator; esaterako, hark jendaurrean adierazi zuen -baita gero errepikatu ere- Kutxabanken kapitalaren %70, gutxienik, kapital pribatuaren esku jartzeko borondatea.
Astia badago; alternatibak ere bai, hil honetan bertan argitaratu diren ikerketek adierazten duten moduan. Hots, gauzak bestela egiteko aukera badago, baldin eta borondate politikorik egotekotan.