Kamioilari baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik 20.000 euro baino gehiago ordaintzera zigortu du justiziak Excavaciones Imanol Lasa enpresa

2022/11/21
Enpresak IATaren aurkako txostena eta bide publikotik zirkulatzeko gaitasunik ez zuen kamioi bat utzi zion lanerako langileari. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren ustez, istripurik gertatu ez zen arren, langileari gidatzeko gaitasunik gabeko kamioi bat emateak arriskuen prebentzioaren arloko araudia urratzea da, eta, ondorioz, bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidea urratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Excavaciones Imanol Lasa enpresa zigortu du kamioilari baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik. Gauzak horrela, langileari 20.491 € ordaindu beharko dizkio kalte moralengatik.

Auzitegiaren ustez, gidaldia – 53 kilometro IATrik gabe – nahikoa luzea da langileak arriskua izan dezan, antzemandako matxurak direla eta. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, kalte ordaina finkatzerakoan, kontuan hartzen du, halaber, aurretik ere kondenatua izan dela enpresa kamioiak Baimendutako Gehienezko Pisua gaindituz kargatzeagatik.

Bidelagun Fundazioak, ELAk laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza emateko abian jarri duen ekimenak eta kasu honetako zuzendaritza juridikoaz arduratzen denak, oso positibotzat jotzen du epai hori, osotasun fisikorako eskubidea balioesten baitu, istripu bat gertatu beharrik gabe, arrisku hutsa izateagatik.