H&M LA MOREA

Langileek % 24,7ko soldata-igoera lortu dute greba arrakastatsu baten ostean

2023/08/01
Akordioak lanaldi partzialeko kontratuen orduak luzatzea ere aurreikusten du. Langileen ausardia eta ELAko Erresistentzia Kutxa ezinbestekoak izan dira akordio hori lortzeko, 200 egun baino gehiagoko gatazkaren ondoren.

La Morea merkataritza-guneko H&Mko dendaren ordezkaritza sindikala (ELAko bat) akordio batera iritsi da multinazionalaren zuzendaritzarekin, eta horrek grebari amaiera eman dio, 13 langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuz.

Alde batetik, ordainsariak % 24,7 igoko dira bai saltzaileentzat bai arduradunentzat 2023ko uztailaren 1etik aurrera, eta erreferentziazko soldatak urteko 20.963 eta 23.600 euro gordinak izango dira, hurrenez hurren.

Igoera horrek esan nahi du 2009tik galdutako erosteko ahalmenaren % 100 berreskuratu dela; hau da, Nafarroako ehungintzaren merkataritzaren hitzarmena eguneratu zen azken urtetik.

Bestalde, lanaldi partzialeko langileei asteko 5 ordu gehiago gehituko zaizkie, batez beste. Horrek soldata erreala % 16 eta % 20 arteko igoera ekarriko du, taulen igoeraren aldean.

ELAk oso positibotzat jo du H & M-rekin lortutako akordioa, abenduaren 9an hasitako gatazka bati amaiera ematen diona. Harro gaude proiektu sindikala La Moreako H & M plantillarekin partekatzeaz, garai hauetan behar den denboran borrokan jarraitzeko adorea eta erabakitasuna mantendu baitute. Langileen ausardia eta ELAko Erresistentzia Kutxa ezinbestekoa izan dira akordio hori lortzeko.

ELAk akordio horren garrantzia azpimarratu du, edukiagatik ez ezik, lortzen den uneagatik ere; izan ere, uztailaren 17an ehungintzako lehen Estatu-hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen, batez ere Inditex eta H & M kate handiek bultzatuta.

Estatuko hitzarmen berri hau oso albiste txarra da Nafarroako langileentzat, 14 urteko blokeoaren ondoren probintziako hitzarmena berreskuratzea arriskuan jartzen ari delako, eta horrekin batera, sektoreko lan-baldintzak arriskuan jartzen dituelako. Ezin dugu ahaztu Inditex duela gutxi akordio batera iritsi zela CCOOrekin eta UGTrekin urteko 18.000 euro gordineko erreferentziazko soldata ezartzeko, edo H & M-k berak, estatu mailan ere, sindikatu horiekin adostu duela soldatak urtean 1.000 euro igotzea; konparaziora, La Morearen akordioak 4.000 euroko igoera dakar.

Horregatik, ELAk, sektorean lan egiten dutenen interesen alde, eskatzen du Nafarroa Estatuko hitzarmenaren aplikazio-eremutik kanpo uzteko, eta hemen lan-baldintzak negoziatzeko dugun eskubidea errespetatzeko.