La Naval-eko lan-egoera jasangaitza da

2009/04/30
La Naval ontziolako azpikontratetan lanean diharduten beharginen mobilizazioak bertako lan-harremanen ondorio logikoa dira.

Azpikontratetako langileak enpresen irabaziak gizentzeko erabiltzen dituzte, ELA metalgintza federazioak salatu duenez. 

Gogoratu beharra dago egoera honen jatorria 2004an ontziola pribatizatu izana dela. Orduan La Navalen 1.200 langile ziren; gaur, berriz, 420 besterik ez, eta horietatik 80 aldi baterako kontratuz. Kontratetan 1.600 langile ari dira lanean.

Pribatizazioaz gero lan-baldintzak okertu egin dira, baina batzuk etekina atera dute horri esker. Azken asteetako gatazken ardura nork du? Bada, ontziola pribatizatzeko erabakia hartu zutenak, bera babestu zutenak eta orain poltsikoak betetzen ari direnak.

ELAk argi utzi nahi du kalteduna langile-klasea dela, Sestaon, Beasainen edo Errumanian jaiota ere. Ugazabek atzerriko langileak ekarri eta berton diharduten guztien baldintzak okertzen dituzte. Arazoa ez da nazionalitatea, lan-baldintzena baizik.

Azpikontratazioa medio prekaritatea hedatzen ari da, iruzurra egiten da kontratuetan eta hauteskunde sindikaletan aurkezteko aukera bertan behera geratzen da. Lan-baldintzak banakakoen kontu bilakatu nahi dituzte, arriskuen prebentziorako ordezkaririk ez dago eta lan-egutegirik ere ez. La Navaleko kontratetan lanaldia astean 60 ordu eta gehiago izan ohi da. Baja hartzen duena kaleratu egiten dute...

Negozioa zenbaitentzat biribila da: La Navaleko administrazio-kontseiluko kideek kontratetan partaide izateak adierazten du hori. Ontziolaren ondoan hotela eraikitzen ari dira; XXI mendean, enpresaburu batzuk ‘ohe bero’en garaiak berreskuratu nahi dituzte Ezkerraldean.

La Navaleko zuzendaritzak esan du “ez duela zerikusirik gatazkarekin”; zinismoa neurrigabea da. Ontziolako plantilla ahalik murritzena edukita, kontratek eskaintzen dute lan-esku merkea, edozein preziotan behar egiteko prest dagoena. ELAren iritziz, zuzendaritza da egoeraren arduradun nagusia.

ELArentzat zilegi dira kontratetako langileen azken asteetako protestak. Borroka da egoera zuzentzeko bidea, baina bestalde, mobilizazioak bertan behera uzteko sinatu den akordioa ez da inondik ere nahikoa.

Akordioan ez da jasotzen egungo egoera aldaraziko duen konpromisorik, ez ontziolaren, ez kontraten aldetik. Ez da bermatzen Bizkaiko hitzarmenak aplikatuko direnik. Kontratua non egiten den, berton edo jatorrian, horrek ez du baldintza duinik ziurtatzen (hemen ere prekaritatea langile askok pairatzen dute). Akordioak ez du aparteko orduen auzia aintzat hartzen.

ELAren ustez, akordio batean lan-baldintza oro zehaztu beharko litzateke, subrogazioa barne, eta kontratetako beharginei gutxieneko egonkortasuna eman beharko litzaieke. Gainera, akordio hori La Navaleko zuzendaritzak ere sinatu beharko luke. Bizkaiko hitzarmenak oso-osorik aplikatu behar dira. 

ELAk ez du aipatutako akordioa sinatuko; ez da nahikoa, eta egoera konpontzeko ez du eraginik izango. Sindikatu hau ontziolako egoera kaotikoa bere onera ekartzeko borrokarako prest dauden langileen ondoan egongo da. Hori da gure konpromisoa.