LAB sindikatuekiko jazarpenarekin amaitzea eskatu du ELAk

2010/10/01
ELAk adierazi nahi du kezkatuta dagoela atzo LABek salatu zituen gertakariekin, hots, sindikatuko egoitzak eta zuzendaritzako kideak, baita idazkari nagusia ere, bigilantziapean daudela.

Honelako jokabideek askatasun sindikalarekin lotutako eskubideak urratzen dituzte, nazioarteko erakundeen hitzarmenek dioten legez; hain zuzen, estatu espainolak ere sinatu ditu hitzarmen horiek.

ELAren ustez, honelako egintzak grina errepresibo gero eta handiagoaren baitan datoz; hau ETAk irailaren 5ean egin zuen adierazpenaren ondotik piztu eta areagotu da. Haatik, erabaki hark Espainiako, Iruñeko eta Gasteizko gobernuen aldetik bestelako erantzun bat eskatzen du: beren erabakiek distentsioa, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko lagungarri izan beharko lukete.

ELAk indar polizialen buruei exigitzen die jazarpen hau berehala amai dadila.