LABek ez du lan erreforma irakurri

2012/10/19
Gaur LABek deituta Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan bilera bat izan da; helburua Garbitasun sektoreko Marko-Akordioa negoziatzeko mahaia eratzea zen, ostegunean merkataritza sektorerako izan zen bileraren antzera.

 

Bada, bi bileretako batean ere ez da mahaia eratu. Agerian geratu da zein egoera gordinean utzi gaituen Rajoyek otsailean ezarri zigun negoziazio kolektiboaren erreformak. Erreformarekin enpresa-hitzarmenaren aplikazioa beste guztien gainetik jartzen da, sektoreko hitzarmena probintzia zein estatu mailakoa dela ere. Negoziazio kolektiboaren hierarkia berri honek hankaz gora jartzen du orain arte ezagutu izan duguna, eta posible zena ezin da gehiago gauzatu.

Patronalak pribatuan zein publikoki adierazi du erreformarekin oso pozik dagoela; behin eta berriz esaten du ez dutela negoziazio kolektiboa medio Rajoyren erreforma aldatzeko inongo asmorik. Gaurko bileran ere argi hitz egin du: “ez du nahi, eta ezin du”.

LABek ostera ere egin duen proposamenarekin, metalgintza sektorerako bota zuenarekin bezala, erreforma irakurri ez duen sindikatu baten jokabidea izan du; langileei alternatiba bat eskaini ordez, sektore mailako marko-akordio bat negoziatzea proposatu du, sektore-hitzarmena enpresetako akordioekiko blindatze aldera. Hau, ordea, ezinezkoa da; legeak ez du aukerarik ematen.

ELAren iritziz, legea gustoko ez izanagatik ere oso argia da, eta horregatik dei egiten dugu lantokietan antolatzera, errealitate berriaz informatzeko batzarrak egitera, moldatzen saiatzera eta sektore zein lantokietan alternatibak bilatzera.

Gure ustez, dagoeneko ibilitako bideetatik jotzeak, beti emaitza bera lortzeko -Metala, Merkataritza eta gaur Garbitasuna-, nahastu egiten du, eta gainera atzeratu eta zaildu egiten du patronalari legeak eman diona berreskuratzen saiatzeko lehia, gure lan-baldintzen defentsari ekiteko unea.

ELAk konpromiso hori bere gain hartu eta dei egiten die borroka eta estrategiari dagokionez ados dauden guztiei gurekin bat egin dezaten.