ADIN TXIKIKOEN ZENTROAK

LABek eta ELAk mobilizazioak hasi dituzte Viveron (Galdakao), bertan behera utzi nahi dutelako zerbitzua

2023/07/28
LABek eta ELAk deituta, Mintegiko plantillak (Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko Galdakaoko adingabeentzako lantokia) mobilizazioak hasi ditu Landalanek, zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den enpresak, zerbitzua baliogabetzea erabaki duelako, Aldundiarekin hitzarmena amaitzean. Oraingoz, bederatzi pertsona kaleratu dituzte, eta langileak beldur dira e zote dituzten adingabeak lekuz aldatuko. Gaur, uztailak 28, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailaren aurrean, eta, ondoren, salaketa gutun bat entregatu dute. Zerbitzua emateari uzteko erabakia iragarri zutenetik, hitzarmena hainbat aldiz luzatu da, baina, betiere, aurreko lan baldintzak okertuta, langileen lan osasuna jokoan jartzeraino. Zentro horretan 50 pertsona baino gehiagok egin dute lan azken urtean. Bi sindikatuek adierazi dute, halaber, Bizkaiko Foru Aldundia, eta, zehazki, Sergio Murillo, direla prekaritate egoeraren arduradunak.

Izan ere, erakunde publikoak zentroa irekita mantentzeko konpromisoa hartu zuen, baina pixkanaka desegiten zuen bitartean. Sindikatuek diote "pribatizazio estrategia argia" dela. Zentroko egungo langileak, jatorrian, Zornotzako zentroko beharginak dira. Hala ere, obra batzuen ondorioz, Galdakaora eraman zituzten.

Sindikatuek salatu dutenez, zerbitzua aspaldi da prekarioa, eta egungo egoera oso larria da: 42 erabiltzailerentzako plaza hitzartuak izatetik 82 erabiltzaile izatera igaro dira; langileak falta dira; ez dago erabiltzaileentzako leku egokirik; higienerako materiala falta da; eta eraikinean sutea ere izan zen, koltxoiek su hartu zutelako, besteak beste.

Duela urtebete inguru, Landalanek urte amaieran (2022) zerbitzua emateari utziko ziotela jakinarazi zien langileei. Egun horretatik aurrera, bilerak egin dira Landalaneko zuzendaritzarekin eta Sergio Murillorekin. Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako buru izan da, zerbitzuaren titular gisa, eta bertan egon dira batzordeko ordezkariak, langileak eta ordezkatutako sindikatuak.

Bilera horietan esan zuten Galdakaoko langileak euren jatorrizko lantokietara itzuliko zirela (Zornotzako lantokira). Gogoratu behar dugu Landalan urteetan sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hori guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela. Bitartean, ezkutuko bederatzi kaleratze izan dira.

"Beste behin ere, argi geratu da publikoak eta aldundiaren mendekoak izan behar zuten zerbitzuen pribatizazioak miseria dakarrela", salatu dute LABek eta ELAk.