Laborantza Ganbarari babes osoa

2005/01/13

ELA, LAB, ESK, EHNE, STEE-EILAS, Hiru eta Egas sindikatuek bat egin dute Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbara gauzatzeko ELB-ek hartu duen bidearekin. Horretarako hainbat ekimen bultzatuko dituzte datozen asteeotan eta dei egin diete langileei diru ekarpenen bitartez ELBeren iniziatibari laguntzeko.

IPAR EUSKAL HERRIKO LABORANTZA GANBARA ALTERNATIBOA

Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskaria aspaldidanikoa da. Beste arlo batzuekin gertatzen den bezala, Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren inguruko gaiak Pirinio Atlantikoen barruan kontsideratzen du frantziar Estatuak. Iparraldeko nekazaritzari buruzko erabakiak Pau-en hartzen dira, beraz. Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako nekazaritzari buruzko gaiak esparru zabalago batean diluituta lagatzen ditu egoera honek eta egungo Laborantza Ganbarak ez die euskal nekazarien beharrei erantzuten.

Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzeko eskariak beti erantzun negatiboa jasotzen duela ikusirik, Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbara Alternatiboa sortzeko ideia sortu zen. Sortu eta garatu, momentu honetan ELB sindikatua egiten ari den bezala.

Baina Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera Alternatiboa sortzerakoan ez da soilik administrazio berri bat sortu nahi. Helburua ez da hainbat bulego sortzea egun Pau-n egiten den gauza bera Euskal Herrian errepikatzeko. Helburua nekazaritza ereduan eragitea da, horregatik da Alternatiboa.

Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbara Alternatiboak bertako arazoei buruzko erabakiak bertan hartzea nahi du, bai. Baina egun mundu mailan indarrean diren nekazaritza politika neoliberalei aurre eginez, enplegua sortu eta ingurumenarekin bat eginez kalitatezko elikagaiak ekoizten dituen nekazaritza bultzatzeko. Modelo industriala eta intentsiboa baztertuz, Euskal Herriko laborantzak beste garapen bat posible dela frogatu nahi du Ganbera Alternatiboak. Ingurumenarekiko errespetua, enplegua, elikagaien kalitatea, baserritarren autonomia, tokian tokiko garapena, nekazariak lurralde osoan banatuta egotea horiek dira Nekazaritza Ganbara Alternatiboaren helburuak.

Arrazoi hauek direla medio, Euskal Herriko ELA, LAB, EHNE, HIRU, EGAS, ESK eta STEE-EILAS sindikatuok bat egiten dugu ekimen honekin. Baina arestian aipaturiko arrazoiez aparte, bada beste hainbat arrazoi Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbara Alternatiboaren alde egiteko:

  • Lehenik eta behin Ipar Euskal Herriko gizartearen eskariei erantzuten dielako proiektuak. Laborantza Ganbara Alternatiboaren eskaria Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoak sostengatzen du. Eskari hori behar bezala adierazi eta artikulatuta badago eta gizalegez defenditzen badu, botere instituzionalak ez du entzungor egiterik. Hala eta guztiz ere entzungor egiten badu, zilegi da botere instituzionalaren jarrera hertsiaren aurrean aginte horren gainetik egitea.
  • Bigarrenik, proiektu honek nekazaritza-politika alternatibo bat duelako helburu, ikuspegi eta eduki soziala dituena. Ipar Euskal Herriko Nekazaritza Ganbara Alternatiboak planteaturiko nekazaritza politikoak ikuspegi eta eduki sozialak ditu helburu. Aginte guztiek (bai Euskal Herrikoek eta estatuetakoek ere) inposatzen duten politika neoliberalaren alternatiba planteatzen du Ganbara Alternatiboak, beste politika batzuk beharrezko eta posible direla erakusten du.

  • Azkenik, euskaldun identitate kolektiboari erantzunez, autodeterminazioaren adibide praktikoa delako Ganbara Alternatiboaren proiektua. Herria eraikitzeko bidea da, baina mundu mailan neoliberalismoak darabilen antolamenduan leku bat bilatzen dabilen proiektu enpresarial harraparien esportatzaile gisa agertu beharrean, elkartasunean eta eduki sozialetan oinarritzen den eredua bultzatuz.

Laguntza ahalbideratzeko kontu korrontea:
Euskadiko Kutxa 3035 / 0178 / 18 / 1780017903