Greba orokor feminista

Lakuntza: "A30eko greba orokorrak balio behar du gobernuek zaintza eskubide gisa aitor dezaten"

2023/11/06
ELAk eskatzen du zaintza sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta erantzukidetasunean oinarrituta. ELAren txostenak erakusten du zaintza emakumeen bizkar dagoela, eta enpresa pribatuentzako negozio bihurtu dela. Horren adibide da honakoa: EAEko 434 zahar etxeen artean soilik 40k (%9,2) dute kudeaketa publikoa.

ELAko Azterketa Bulegoak egindako zaintzaren inguruko txostena aurkezteko prentsaurrekoan, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak honako hau nabarmendu du: “erakundeek aukeratu duten zaintza ereduak ez du zaintzarako eskubidea aitortzen, menpekotasun egoeran dauden gehienak uzten ditu artatu gabe, eta zerbitzuak enpresa pribatuen esku uzten dira Euskal Herriko milaka emakumeren lan baldintzak prekarizatzearen kontura; horietako asko migratuak dira”.

Txosteneko datuak agerian uzten dute Urkullu eta Chiviteren gobernuek, Aldundiek eta udalek taxututako errealitatea. Politika horiek emakumeen bizkar geratzen dira, eta enpresa pribatuen eskuetan.

Horren aurrean, Lakuntzak borroka sindikalaren garrantzia azpimarratu du: “Zahar etxeetako eta etxez etxeko laguntzako sektoreetako grebak, kasu batzuetan urtebetetik gora luzatu direnak, zaintza ereduaren arazoak ikusaraztea lortu du, eta lan baldintzak hobetzeko aukera eman dute”.

Horregatik, ELAko idazkari nagusiak espero du azaroaren 30eko greba orokorrak erakundeak interpelatu behar dituelaa, “berebiziko garrantzia duen auzi politiko bat delako”, eta “zaintzak eskubide gisa aitor daitezen; bertan behera utzi behar da zaintzekin eta batik bat emakumeen gain dagoen enplegu prekarizatuarekin negozioa egiten duen eredu pribatizatua”. Horregatik, ELAk defendatu du erantzukidetasunean oinarritutako eredu publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa.

 

2,2 ordu gehiago eta esku pribatuetan

Janire Landaluze ELAko Azterketa Bulegoko kideak ziurtatu du zaintza sisteman ez dagoela erantzukidetasunik, izan ere, “emakumeen gain baitaude ordaindu gabeko zaintza lan gehienak”, etxeko lanei dagokienez zein seme-alaba txikiak edota menpekotasun egoeran daudenak zaintzerakoan. “Hiru lan horik batuz gero, emakumeek batez beste 2,2 ordu gehiago eginten dituzte gizonek baino”.

Landaluzek ere adierazi du horrek guztiak eragin zuzena duela zaintza lanen banaketan eta emakumeen enplegu ordainduan. Esaterako, lanaldi partzialeko enpleguaren feminizazioan edota soldata arrakalan, zeinaren ondorioz soldatapeko emakumeek urtean gizonek baino 7.000 euro gutxiago irabazten duten.

Landaluzek honako beste datu hauek ere mahaigaineratu ditu, egungo sistemaren hutsuneen adibide:

  • Lan ordainduaren zati handi bat etxeko langileek egiten dute; gehien bat emakume migratuak dira, abusuzko egoerak pairatzen dituztenak. Adibidez, etxean bizi diren langileen %100aren eginkizuna menpekotasun egoeran daudenak zaintzea da. Etxean bizi ez direnen artean, portzentajea %35ekoa da, ATHren arabera.

  • Menpekotasun egoeran dagoen jende gehiena ez du inongo zerbitzuk artatzen.

  • Zerbitzu gehienak enpresa pribatuen esku daude. Adibidez, EAEko 434 zahar etxeen artean soilik 40k (%9,2) dute kudeaketa publikoa. Beste 106 egoitzaren titularrak herri erakundeak dira, baina kudeaketa pribatua dute (%24,4), eta gainerako 288ak (%66,4) pribatuak dira.

  • Zahar etxeetako erabiltzaile bakoitzak batez beste 2020an 16.588 euro ordaindu zuen; hiru urtean kopurua 2.000 euro handitu da.

  • Zerbitzuen estaldura murrizten ari da; etxez etxeko laguntzaren higadura da nabarmenena. Estaldura tasa (zerbitzu hori eskaintzen zaien 65 urtetik gorako adinekoen portzentajea) 2021ean EAEn %1,6koa izan zen eta %2,2koa Nafarroan, espainiar Estatuko batez besteko mailatik askoz beherago (%5). Hego Euskal Herri guztian zehar gainbehera oso argia da.

  • Langile ratioak behar direnak baino askoz apalagoak dira, eta langileek ez daukate astirik arreta behar bezala emateko.

 

Publikoa, unibertsala, doakoa, erantzukidetasuna oinarri

Egoera horren aurrean, Leire Gallego ELAko Ekintza Sozialeko arduradunak aldarrikatu du “zaintza sistema publiko bat. Zerbitzu pribatizatuak eta azpikontratatuak publifikatu behar dira, eta dauden zerbitzuak hedatu”, baita ratioak hobetu ere; horrekin eta aurrekontuak hobetzearekin batera, 10.000 lanpostu berri sortuko lirateke.

Halaber, sindikatuak galdegin du aitor dadila “Zerbitzu Sozialetako legeetan menpekotasun egoeran dagoen jende guztiari zor zaiola artatua izateko eskubidea, modu nahiko eta egokian, eskudun diren administrazioen aldetik”, dio Gallegok. “Zaintza sistema menpeko egoeran dagoenari eskaini behar zaio, bere ahalmen ekonomikoa edozein dela ere; koordainketa kendu behar da eta zerbitzua osorik zerga bidez finantziatu. Lan baldintzak hobetu behar dira eta sektore horietako langileen prekaritateari aurre egin”. Azkenik, sistema erantzukidea izan behar da; bermatu behar da “zaintza lanen banaketa bidezko eta berdintasunezkoa gizon eta emakumeen artean”.

 

Txosten osoa irakurri