Lakuntza: "Beroaren aurkako neurriak hartzen dira sindikatuok ordezkaritza dugun tokietan"
ELAko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan salatu du administrazioek ez dituztela behar bezala aktibatzen bero boladen aurrean langileak babesteko neurriak. Horren adibidetzat jarri du Osakidetza, eta galdetu du: “Administrazioa eredu ez bada, zer gertatuko da beste sektore batzuetan?”. Lakuntzak nabarmendu duenez, sindikatuen presentziak baldintzatzen du neurriak hartzea, izan ere, “sindikatuok ordezkaritza dugun tokietan egoera asko aldatzen da”. Horregatik, ezinbestekotzat jo ditu “ikuskarien eta administrazioaren papera”.
Enplegu Publikoaren Legearen harira, Lakuntzak adierazi du testuak gabezia nabarmenak dituela hizkuntza eskubideen arloan. Gogorarazi du “ofizialki bi hizkuntza” daudela, baina administrazioak oraindik ez duela bermatzen “euskaraz lan egiteko eta euskaraz artatua izateko aukera”. ELAren ustez, euskara eta gaztelania parekatu egin behar dira, “estatus berdina” izan dezaten. Horren harira, ohartarazi du EH Bilduk abstentzioaren alde egingo balu “ez ginatekeela aurrerapausorik ematen ari” eta “euskarak mendekotasun egoeran jarraituko lukeela”.
Bizkaiko Foru Aldundiaren neurri fiskalak ere kritikatu ditu. Haren esanetan, “talentua erakartzeko aitzakiapean pribilegio batzuk ezarri dituzte”, eta neurri horiek ez dira bidezkoak. Lakuntzaren ustez, politika horien helburua da “gehien dutenei edo kolektibo batzuei zergak jaistea”, bitartean “langile klaseak gero eta diru gehiago jarri behar du ogasun publikoan”. Gainera, salatu du EAJren ekimenak bidea ireki dezakeela antzeko neurriak Araban eta Gipuzkoan ezartzeko.
Politika industrialari dagokionez, Lakuntzak adierazi du lehiakortasuna “beti izango dela enpresarien kezka”, baina Euskal Herriak produktibitate maila oso handiak dituela. ELAren kezka nagusia, ordea, enpresen errotzea dela azaldu du, gero eta atzerriko kapital gehiago sartzen ari baita. Horren aurrean, salatu du “ez dugula inpultso publikorik ikusten politika industrialerako” eta kritikatu du herri honetako politika industriala eta fiskala “patronalak inongo konplexurik gabe ezartzea eta instituzioek ontzat ematea”.
Tubos Reunidosen egoerari buruz, Lakuntzak esan du “oso larria” izan dela enpresaren kudeaketa. Azaldu duenez, zuzendaritzak kreditua eskatu zuen, baina “ez zuten inbertsiorik egin eta akziodunen artean banatu zuten dirua”, eta horrek zor handia eragin zuen. Gainera, kritikatu du ez dela ia ahotsik entzun jokabide hori salatzen: “Ez dut entzun agente bakar bat ere hau salatzen edo esanez hau ez dela eredu bat”. Aldiz, fokoa langileen greban eta haien erabakietan jarri izana deitoratu du.