Lakuntza: “Confebaskek ez du LGS negoziatu nahi, ordea, ELAk lortutako hitzarmenak dira soldatak gehien igotzen dituztenak”
Lakuntzak gogorarazi duenez, "ELAk herri honetako langile klasea antolatzen du gizarte justuago baten alde borrokatzeko, non aberastasuna hobeto banatzen den eta bizitza negozioaren aurretik jartzen den". "Patronalak sistematikoki aurka egiten dio horri guztiari, hain zuzen ere", adierazi du.
Lakuntzak Confebasken jarrera atzerakoi eta autoritarioa gogorarazi du, soldatak igotzeari eta bereziki lanbide arteko gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten diolako.
Patronalaren itxikeria horren aurrean, ELAk (ordezkaritzaren % 40tik gorako eta 104.000tik gorako afiliazioa duen lehen sindikatua izatearen legitimitatetik abiatuta) milaka langile antolatzen ditu egunero lantokietan, grebaren bidez patronalaren blokeoa gainditu eta bestela posible ez diren lorpenak eta hitzarmenak lortzeko. ELAk herri honetako langile klaseari egiten dizkion ekarpenen artean dago elkartasun tresna handienetako bat, Erresistentzia kutxa. “Ekarpen horrek, patronalak ondo dakienez, aukera ematen du bestela posible ez diren prekaritatearen aurkako garaipenak lortzeko”.
Lakuntzak Tamara Yagüeri gogorarazi dio ELA dela hitzarmen gehien eta onenak lortzen dituen sindikatua (250, batez beste, urtero) eta gainerako sindikatuenak baino soldata igoera handiagoak lortzen dituena (adibidez, 2023an, ELAk sinatutako hitzarmenen batez besteko soldata igoera % 5,76koa izan zen, eta hark sinatu gabeko hitzarmenetan, berriz, % 4,17koa. Datua are hobea da sektore feminizatuak kontuan hartzen baditugu; ELAk sinatutako hitzarmenetan emakumeen batez besteko soldata igoera % 7 ingurukoa da).
Azkenik, Lakuntzak azpimarratu du gutxieneko soldata propio baten borroka eta aldarrikapena geratzeko etorri dela: "Confebask, Eusko Jaurlaritza bezala, oker dabil horrelako gai garrantzitsu bat albo batera utzi daitekela uste baldin badu”.