ELKARRIZKETA

Lakuntza: "Euskal Herriak Palestinarekiko duen elkartasunak berezko indarra eta dinamika badu, zer behar zegoen Madrildik UGTk eta CCOOek deitu zuten mobilizazio eguna sostengatzeko?"

2025/10/24
Lakuntza: "Euskal Herriak Palestinarekiko duen elkartasunak berezko indarra eta dinamika badu, zer behar zegoen Madrildik UGTk eta CCOOek deitu zuten mobilizazio eguna sostengatzeko?"
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak aurreko urriaren 15eko Palestinaren aldeko lanuzte eta mobilizazioen balorazioa egin du elkarrizketa honetan.

Lanuzte orokorra izan zen egunean, urriaren 15ean, Euskal Herrian milaka lagunek Palestinarekiko elkartasuna adierazi zuten berriz ere. Zer deritzo ELAk egun hartan gertatu zenari?

Bi ondorio nagusi aterako nituzke: lehena, Euskal Herrian palestinar kausarekiko dagoen elkartasun handia. Elkartasun hau ez da berria; arrazoi bat bada, herri-mugimendu eta internazionalisten inplikazio historikoa. Hamarkadak daramate hauek Palestinan gertatzen den giza-eskubideen etengabeko urraketa salatzen. Palestinar herriarekiko hurbiltasunak zerikusia du ere bere etorkizuna erabakitzeko borrokan diharduen herri baten errealitate historikoarekin. Bestalde, lanuzte eta mobilizazio egun honek agindu bat dakar berarekin: instituzio, alderdi eta enpresen gaineko presioa areagotu beharra dago boikota gauzatu dadin. Ezin da inolako harremanik izan estatu genozida batekin. Ez zaio Israeli ezer erosi, ez saldu behar. 

Zein izan da instituzio, alderdi eta enpresa horien erreakzioa harremanak hausteko galdegin zaienean?

Esango nuke gehienen erantzuna anbiguotasuna, hipokrisia eta isiltasuna izan dela. ELAk Gasteizko eta Iruñeko parlamentuen aurrean eta EAJ, PSE eta PSNren egoitzen aurrean egin zituen manifestazioak. Haatik, instituzio eta alderdi hauetako batek ere ez du esan Israelekiko harreman komertzial eta ekonomikoak bertan behera utzi behar direnik. 

EAJren buru den Aitor Estebanek esan du bera ez dagoela interpelatuta, baina hala beharko luke, Gasteizko gobernuan pisu handien duen kidea baita bere alderdia, eta aztertu egin beharko luke Jaurlaritzaren aurrekontuko zein zati doan Israelgo enpresetara, erosketa edo lizitazio bidez, eta giza-eskubideak urratzen laguntza materiala ematen duten enpresekin duten ardura. Adibidez, EAJ da CAFeko zuzendaritzaren defendatzaile nagusia; enpresa hori Nazio Batuek seinalatu dute, ez soilik Israelekiko salerosketak egiteagatik, ilegalki okupatutako lurraldeetan palestinar herriaren eskubideak urratzen laguntzen ari baita. 

Gauza bera esan daiteke Nafarroako Chivite lehendakariaz; genozidioa salatzeaz gain Nafarroako gobernuak erabaki praktikoren bat hartuko ote du Israelekin dituen harremanak bertan behera gera daitezen?

Lanuzte orokorrari buruz, ELAk lau orduko deialdia egin zuen eta bakarrik antolatu zituen mobilizazioak. Zergatik?

Bakarrik ez zituen deitu, baizik CIG Galizako sindikatu nagusiarekin eta Kataluniako Intersindical-ekin batera. Egia da urtetan euskal gehiengo sindikala delakoarekin egin nahi izango genukeela, Euskal Herri bertako deialdi batean; hori zen gure proposamena. 

ELAk garrantzi handia ematen dio printzipio bati: Bada Euskal Herrian errealitate sindikal eta soziala bat Madrilgo erabakien menpe jarri behar ez dena. Euskal langileriaren lorpenak ez dira Madrildik etorri izan; Euskal Herrian urtetan egindako borrokaren fruitu izan dira. Ez gara, eta ez dugu izan nahi, espainiar sindikalismoaren azpisistema bat. 

Urriaren 15eko lanuzte eguna Madrildik deitu zuten UGTk eta CCOOek Estatu guztirako, logika politiko espainiarraren baitan: bi sindikatu horiek batez ere Sanchezen gobernuari sostengua eman nahi zioten. 

ELAk ez du ontzat ematen oportunismo politiko hori; guk diogu Palestinaren kausa eta gure errealitate nazional eta sindikalaren defentsa bateragarriak direla; horregatik egin genion proposamen bat LABi, eta gogoratu behar da egun horretan bertan beste gizarte mugimendu batzuek ere hainbat mobilizazio deitu zituztela.

Baina LABek uko egin zion ELAren proposamenari...

Bai. Eta hori albiste txarra izan da. ELAren asmoa zen berton erantzun bat ematea, azken hogeita hamar urteetan egin izan dugun moduan, eta Madrilen deitzera zihoazela jakin baino lehenago urriaren 13ko data jarri genuen mahai gainean. ELAk proposamen horren azalpena eman zuen iritzi publikoaren aurrean, baina LABek nahiago izan zuen urriaren 15eko espainiar deialdiarekin bat egin eta CCOO eta UGTrekiko lana lehenetsi. 

Beraz, LABek galdera bat erantzun behar du: Euskal Herriak Palestinarekiko duen elkartasunak berezko indarra eta dinamika badu, zer behar zegoen Madrildik UGTk eta CCOOek deitu zuten mobilizazio eguna sostengatzeko? 

Zure ustez zer dela eta baztertu zuen LABek ELAren proposamena, hau da, aurreko aldietan bezala erantzuna euskal eremutik ematea? 

Ez da ustekabeko kontua izan. LABek bere azken kongresuetan nabarmendu du beste aliantza sindikal batzuk bilatzearen garrantzia. Hau da, UGT eta CCOOekiko aliantza. ELA ez dator bat horrekin. Bi sindikatu horiekin erabateko desadostasuna dugu: Euren estrategia zentralista da, ez dituzte joko-arauak errespetatzen (gutxiengoan ere sinatzen dute), eta euskara normalizatzearen kontrako posizio gogorrak hartzen dituzte.

ELAren ikuspegitik bi sindikatu horiek ez dira aliatuak; haien sindikalismoa gurearekiko antagonikoa da. Bestalde, erabakiaren errora joz gero kontutan izan behar da LAB mugimendu politiko zabalago batean kokatuta dagoela, eta horren lehentasuna "fronte zabalen" estrategia dela; horrek arlo sindikalari ere eragiten dio. Ondorioa da UGTren eta CCOOen eredua normalizatzen dela, eta ez zaiola lehentasunik ematen kontrabotere-sindikalismo soberanistari. 

Baina ELAk ere azkenean 15erako egin zuen bere deialdia...

Argi dago beste edozein aukera okerragoa izango zela. Horregatik, ELAk nahi zuen hipotesia ez bazen ere, CIG eta Intersindicalekin deialdi hori egin genuen, aipatutako arrazoiengatik. Gainera, bi erabaki hartu genituen: Enpresetan lanuztea zatiketarik eragin gabe aurrera atera zedin lan egitea, eta hiriburu eta eskualdeetan bilkura eta mobilizazioak gure aldetik egitea. Bagenekien egoera oso konplikatua zela, baina gure posizioari koherentziaz eutsi nahi izan diogu; hori posible izan da sindikatu honek autonomia, kohesioa eta militantzia dituelako. 

Deialdiak geure aldetik egin izanak, testuinguru hain konplikatuan, aukera eman digu esateko ELA ez dela UGTk eta CCOOek Madrilen hartutako erabakietara makurtuko, eta ez dela aldarrikapen lausoetan geratuko. Horregatik zuzendu diegu interpelazio zuzena gobernu, alderdi eta enpresei. Hau posible izan da sindikatuko militanteen konpromisoari esker; hori aitortu eta aintzat hartu beharrekoa da. 

Gauza bat nabarmendu duzu: palestinar herriaren askatasunaren aldeko borroka genozidioaren salaketatik haratago eraman behar da. Zer proposatuko du ELAk aurrerantzean? 

Exijituko dugu Euskal Herriko alderdi, gobernu eta enpresek beren esku dagoena egin dezatela palestinarrek pairatzen duten genozidioan ez laguntzeko. Horrek esan nahi du Israelekiko edozein harreman hautsi behar dela. Gasteizen eta Iruñean eskariak erregistratu ditugu bi gobernuek azal dezaten zeintzuk diren Israelekin dituzten tratuak (lizitazioak, erosketak, etab.). Eskatuko diegu erantzun dezatela; gardentasun ariketa bat egin behar dute. 

Enpresekin ere berdin jokatuko dugu: ELA Sidenorren, Artiachen eta CAFen eskatzen ari da harreman horiek eten eta Israelekiko salerosketen informazioa eman dezatela, berehala bertan behera uzteko. Bigarrenik, mobilizazio soziala indartu behar da Israelekiko boikota eta presioa areagotzeko. 

Behin eta berriz esan izan dugun bezala, okupazioa eta apartheidari amaiera eman behar zaie, eta Palestinari Jordan ibaitik Mediterraneoraino herri libre eta burujabe izatea galarazten dioten politikak baztertu.