Lakuntza: "Greba egingo dugu euskal erakunde guztiek orain arte egin ez dutena egin dezaten"
Mitxel Lakuntzak Bilbon egindako hitzaldian gogorarazi duenez, "azaroaren 11n, ELA greba orokorrera joango gara, euskal erakunde guztiek orain arte egin ez dutena egin dezaten". Pradalesen eta Chiviteren gobernuek, batez ere, eta, neurri txikiagoan, aldundiek eta udalek eskumen zabalak dituztela espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Testuinguru horretan, azaroaren 11ko greba orokorraren garrantzia nabarmendu du, etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko.
Gainera, Euskal Herrian mobilizatzearen garrantzia gogorarazi du: "1999tik, 13 greba orokor egin ditugu; horrek erakusten du ez garela Espainiako sindikalismoaren azpisistema bat; aldi horretan, UGTk eta CCOOk lau greba orokor baino ez dituzte egin, eta Estatuko esparrua inposatu dute, prekarietatea eta euskal hitzarmenen baino lan-baldintza okerragoak ezarriz".
ELAk greba orokorrerako proposamen zehatzak (1.500 euroko euskal LGSaren aldarrikapenaz gain) batzar guztietan berretsi dira:
- Bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu.
- Higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi: Inbertsio-funtsei eta espekulazio-sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten; xede soziala betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetu behar dira.
- Banku publikoa sortu, betiko bankuen negozioari eta gehiegikeriei amaiera emateko.
- Alokairuaren prezioen interbentzioa: Hego Euskal Herri osora hedatu behar dira tentsiopeko guneak; prezioak apaltzeko indize propioak ezarri, eta alokairu-kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak zabaldu.
- Alokairuko parke publikoa handitu: Etxebizitzako inbertsio publikoa epe laburrean BPGaren % 1eraino handitu; mailaka % 2raino igo, eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna amai dadin.
- Etxebizitzaren fiskalitatea aldatu: Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri.
- Etxebizitza esparru propiorantz jo: Eskumen osoa eskatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko (alokairua, jabetza, finantzaketa, etxebizitzaren xede soziala eta etxegabetzeen kontrako babesa).