ELKARRIZKETA RADIO VITORIAN

Lakuntza: "Grebek eragozten dute Enplegu Erregulazio Espedienteak gauzatzea"

2026/07/02
Lakuntza: "Grebek eragozten dute Enplegu Erregulazio Espedienteak gauzatzea"
ELAko idazkari nagusiak greba aldarrikatu du kaleratzeak geldiarazteko tresna gisa, Tubos Reunidosentzat enplegua bermatuko duen industria-proiektu bat eskatu du, eta nabarmendu du ELAk ez duela inoiz EEE bat gaitz txikiena balitz bezala onartuko.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak adierazi du Tubos Reunidosen etorkizuna enplegua bermatuko duen industria-proiektu baten bidez eraiki behar dela, eta ohartarazi du etorkizunean egin daitekeen edozein enpresa eragiketa zuhurtziaz aztertu beharko dela. Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketa batean, Sidenorrek eta Tubacexek erakutsitako interesa "xehetasunak eta hartutako konpromisoak ondo irakurrita" baloratu behar dela esan du.

Lakuntzak gogorarazi du Tubos Reunidosen egungo egoeraren jatorria "enpresa praktika txar batean" dagoela, eta administrazio kontseiluari egotzi dio akziodunen artean banatu zen mailegu bati lotutako zorra sortu izana. Halaber, enpresaren benetako egoerari buruzko informazio falta deitoratu du, eta uztailaren 14an konkurtso administrazioarekin egingo duten bileran xehetasun gehiago jasotzea espero dutela..

Zailtasunak gorabehera, ELAko idazkari nagusiak enpresak etorkizuna duela defendatu du. "Guk nahiko genukeen irtenbidea da industria-proiektu sendo bat duen bazkide inbertitzaile bat etortzea, 1.300 lanpostuak bermatuko dituena".

Halaber, Tubos Reunidosen grebak izan duen garrantzia ere aldarrikatu du. "Grebari eutsi izanak ahalbidetu du EEEa ez gauzatzea", esan du, eta mobilizazioari esker altzairutegia edo logistika arloa bezalako aktibo estrategikoak saltzea ere saihestu dela nabarmendu du. "Grebaren ekarpena agerikoa da hain egoera zailean. Badakigu beste sindikatu batzuek EEE bat sinatuko zuketela, gaitz txikiena zelakoan. ELAk ez du inoiz hori onartuko".

Lakuntzak baztertu du enpresaren egoeraren erantzukizuna plantillari egoztea. "Kontuak zuzendaritzari eskatu behar zaizkio. Bidegabea da ardura langileen gain uztea", esan du. Era berean, grebalarien aurka "hertsapenak" erabili izana salatu du, eta botere ekonomiko jakin batzuek duten eragina kritikatu du. "Gutxi hitz egiten da BBVA bezalako bankuek duten eraginaz; izan ere, aldi berean hartzekodun eta akziodun dira", adierazi du.

Tubacexek planteatutako ABEEari dagokionez,  azpimarratu du sindikatuaren lana dela enpresari neurri hori beharrezkoa dela justifikatzeko eskatzea. "Enpresa askok ABEEak erabiltzen dituzte lanaldiak malgutzeko. Oso bidegabea da diru publikoarekin finantzatu nahi izatea irabaziak dituen enpresa batek bere gain hartu beharko lukeen malgutasuna", salatu du.

Lakuntzak oso modu positiboan baloratu du Maderas de Llodiori buruzko azken epaia, 250 egunetik gorako grebaren ondoren. Ebazpen judizialak erakusten du enpresak planteatutako kaleratze kolektiboek "ez zutela justifikaziorik", eta agerian uzten du "azken aukera ezin dela izan jendea kalera bidaltzen duten EEEak sinatzea". Era berean, ELAren independentzia aldarrikatu du erakundeen eta hedabideen presioen aurrean. "ELA afiliatuen kuotekin bizi da, eta horrek autonomia ematen digu gure estrategia garatzeko", nabarmendu du.

Arabako Metalaren hitzarmenaren negoziazioari dagokionez, Lakuntzak ohartarazi du elkarrizketak une zail batean daudela, patronalak aldi baterako ezintasunetan soldataren osagarriak murrizteko egin dituen proposamenengatik. "Patronalaren estrategia absentismoaz hitz egitea da, eskubideak murrizteko helburuarekin", kritikatu du. Azaldu duenez, gaixotasun arruntagatiko baja askok benetan lan-jatorria dute, muskulu-eskeletoko arazoek edo prekaritateak eragindako antsietate eta estres egoerek eraginda. "Patronalak langile klase osoa kriminalizatzen du"-

Mercedesen eta Michelinen hauteskunde sindikaletan ELAk lortutako emaitza onak azken urteotan egindako lanaren ondorio direla azpimarratu du. "Ez gara lehen indarra kasualitatez. Azken lau urteotan egindako lanaren, koherentziaren eta konpromisoaren aitortza da".