greba orokorra

Lakuntza: "Madrilen erabakitzen zutenaren zain egon gabe, data propioa proposatu genuen logika elektoralistatik aldentzeko eta euskal esparrua lehenesteko"

2026/10/09
Lakuntza: "Madrilen erabakitzen zutenaren zain egon gabe, data propioa proposatu genuen logika elektoralistatik aldentzeko eta euskal esparrua lehenesteko"
Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan, ELAren idazkari nagusiak azaldu du sindikatuak etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako data propioa proposatu ziela Euskal Herriko eragile eta sindikatuei. Madrilgo logika elektoralistatik aldentzeko eta interferentziarik gabe Euskal Herriko instituzioetan azpimarra jartzeko. ELA eta LABen artean ez da gai honetan adostasunik egon.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren inguruko eztabaida izan du hizpide Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. Azaldu duenez, ELAk gainerako sindikatuei proposatu die aurrekoetan bezala iniziatiba hartzea eta Madrilen erabakitakoaren zain egon gabe data propioa adostea, “Madrilgo marko eta logika elektoralistatik aldentzeko eta inolako interferentziarik gabe Euskal Herriko instituzioetan aldarri eta proposamen propioak bideratzeko”.

Hala ere, ez dute data proposamen horren inguruan adostasunik lortu. "Azken egunotan Madrilen erabakitzen dutenaren zain egon gara. Hori ez da ELAren eredua. Ez gara espainiako sindikalismoaren azpi-sistema bat”, adierazi du Lakuntzak. Nolanahi ere, aldarrikapenak bertako instituzioak zuzenean interpelatuko ditu ELAk, eta etxebizitza politikak errotik aldatzeko beharra nabarmendu du. Izan ere, etxebizitza politiketan eskumenak Euskal Herrian badaudenez, euskal esparrua koherente eta eraginkorra dela azaldu du: “gaitasuna eta indarra dago gauzak aldatzeko”.

Etxebizitzaren auzia lehen lerroan egotea mobilizazioekin lotu du Lakuntzak, eta gogorarazi du ELAk aspalditik egiten dizkiola kritikak Pradalesen eta Chiviteren gobernuei arlo horretan. Lakuntzaren arabera, beharrezkoa da egungo etxebizitza-politika errotik aldatzea, espekulazioari aurre egitea eta herritarren beharrei erantzuten dieten neurriak hartzea.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak ere kritikatu ditu, etxebizitzara bideratutako dirua aurrekontu osoaren % 1 ingurukoa dela adierazita. Gainera, ELAk egindako azterketaren arabera, alokairuko etxebizitzen parkearen % 30 inguru 200 enpresaren esku dago.

Lakuntzak uste du administrazioa berandu iritsi dela eta eraikuntza-enpresen, bankuen eta sustatzaileen interesak lehenetsi dituela. Etxebizitzaren arazoak ondorio sozial eta politikoak ere badituela ohartarazi du Lakuntzak. Haren esanetan, herritarren oinarrizko beharrei erantzuten dieten politikak aurrera eramateak ultraeskuinaren diskurtsoari lekua kentzen dio.

"Etxebizitzaren auziarekin, mobilizazioa eta ekimena hartzen direnean, ultraeskuina margenik gabe gelditzen da", adierazi du. Lakuntzak kritikatu du Espainiako Gobernuak zortzi urte izan dituela hainbat neurri hartzeko, baina politika ausartak eta herritarren behar materialei erantzuteko gai ez dela izan.

Elkarrizketan, Nafarroako hauteskunde sindikalak, euskararen erabilera eta Volkswagenen kontratazio-prozesua ere aipatu ditu.

Lakuntzak nabarmendu duenez, ELAk gora egin du Nafarroako Erriberan, ordezkaritzaren % 25era iritsita, langileen antolakuntza, greba eta mobilizazioa lehenesten dituen ereduari esker.

Euskarari dagokionez, enpresetan hizkuntza-planak sustatzeko zailtasunak salatu ditu, eta negoziazioak euskaraz egin ahal izatea bermatzeko ELAk eginiko proposamena aurrera atera izanagatik pozik agertu da.

Volkswagenen mila lagun ingururi zuzendutako prestakuntza-prozesua kritikatu du: hiru hilabeteko prestakuntza ordaindu gabea izatea eta ondoren kontratazioari edo ordainsariari buruzko bermerik ez egotea "eskandalua" dela esan du. ELAk prozesuaren legezkotasuna aztertzen ari dela jakinarazi du, eta diru publikoa enpresen mesedetan erabiltzea salatu du.