LEHENDAKARIAREKIN BILERA
Lakuntzak (ELA) euskal LGSrekin inplikatzeko eta Confebasken betoa ez onartzeko exijitu dio Pradalesi

“Lehendakaria inplikatu dadin eskatzera etorri gara – adierazi du Lakuntzak bileraren amaieran-, Confebasken blokeoa ez onartzeko, eta patronala 1.500 euroko LGS bat adostera bultzatu dezan. Ez ditugu onartuko ez ekidistantzia, ezta inolako konpromisorik gabe esertzeko dei orokorrik ere”. Ildo horretan, Lakuntzak lehendakariari gogorarazi dio ekimen batzuk bere esku daudela Confebasken ezezkoa gainditzeko: “Bide politiko eta instituzional bat dago; horretarako, lehendakariak babestu behar du Kongresuan Langileen Estatutua aldatzea eskatuko duen HELaren proposamena. Horrela, Eusko Legebiltzarrak LGS propioa finkatu ahal izan dezan”.
“1.500 euroko LGSaren proposamenak (EAEn 120.000 pertsonari egingo lieke mesede) ez luke lehiakortasun arazorik ekarriko – azpimarratu du ELAko idazkari nagusiak –. Arazo bakarra da patronal bat tematuta dagoela negozioa egitera bizitzeko nahikoa ez diren miseriazko soldatak ordainduta. Pertsona zintzoek ezin dute defendatu herri honetan duintasunez bizi daitekeela Espainiako LGSrekin ”.
Lakuntzak azpimarratu duenez, LGSa lortzeko mobilizazioek aurrera jarraituko dute bihar, apirilak 3, Bilboko Euskadi Plazan egingo den elkarretaratzearekin (11:30etan).