Lakunza:"Greba, eta erreforma indargabetzea, kaleratze eta soldaten jaitsierak eragozteko tresna bakarrak dira"
Adibidez, mugikortasun geografikoa derrigorrezkoa bihurtu da (2012-2-11ko BOE, III ataleko 11.garren artikulua): bere enpresak inposaturiko lekualdatzeari uko egiten dion langilea kaleratuko dute urteko 20 eguneko kalte-ordainarekin (12 hilabetekoa gehienez). Bost urte enpresa berean daramatzan langile bat (22.000 euroko soldatarekin, adibidez) langabezian geratuko da 6.000 euro jaso ondoren (eta bizitza osoa badarama enpresa horretan, kalera bidaliko dute 16.000 euroren truke). Hau dena sahiesteko, auzitegira jotzea besterik ez zaio geratuko, baina enpresak, “antolakuntza arrazoiak” mahaigaineratuz (subjektiboak zein gaindiezinak direnak), irabazteko oztopoak ez ditu izanen.
Norbaitek alarmismoa dela uste baldin badu, ELAk jakin izan ditu lekualdatze proposamen lotsagarri batzuk: Bizkaitik Bartzelonara, eta sinesgaitza badirudi ere, Gipuzkoatik Kamerun, Romania edota Mauritaniara (enpresa eraikitzaileak). Kasu hauetan, hutsaren hurrengoa den kalte-ordainarekiko kaleratze bat izan da langileen aukera bakarra. Langileen kopuruaren murrizketaren aldeko mugikortasun geografikoaren erabilpen iruzurtia baino ez da, behargin zehatz bati soldata jaistearen neurria bezalakoa. Erreformaren arabera (III ataleko 12.garren artikulua), enpresariak soldatak mugarik gabe jaitsi ditzake, indarrean dauden hitzarmenak aintzat hartu gabe. Langileak onartzen ez badu, kalera bidaliko dute 20 eguneko kalte-ordainarekin.
Hori gutxi balitz, enpresan edo arloan indarrean dagoen hitzarmena ez aplikatzearen baimena (III ataleko 14.garren artikulua) ematen die bi hiruhilabeteren zehar salmenten jaitsiera erakusten duten enpresei, etekinak handitu izan badira ere. Adostasunik ez bada, arbitraje batera joango da.
Zer negozia daiteke erreforma honetan? Ezer ez. Eraso honen aurrean ez da inolako emendakinik egiterik, enpresei ia kaleratze librea ematen dielako.Lakunzak azpimarratzen du M-29ko greba eta tokian tokiko sindikalizazioa eta kolektiboa den erresistentzia baino aukera gehiagorik ez dagoela, beti ere langileen eskubideen aurkako eraso hau atzera bota nahi badugu.