Laminaciones Arregiko langileak, enpresan bueltan dira bi urte eta erdiko borroka eta gero
2012ko maiatzean egin zuen Laminaciones Arreguik (Celsa Atlantic) Arabako 2 lantegietako langileen gehiengoa kaleratzeko lehen saiakera. Langile Batzordeak greba deitu eta hurrengo egunean egin zuen enpresak proposamen hori, askatasun sindikalaren aurkako xantaia garbia. Langileek ez zuten inolaz ere onartu proposamena eta kalean enpleguaren alde borrokan zeuden bitartean, epaitegietan borroka juridikoa abiatu zuten. 2014ko urrian iritsi zen langileen aldeko lehen auzi irmoa; enpresak gauzatutako 174 kaleratzeak nuloak zirela ondorioztatu zuen Auzitegi Gorenak, eta ondorioz balio gabe utzi zituen. Enpresak, baina, ez zuen etsi eta kaleratutakoak onartzearekin bat enplegu erregulazio espediente berri bat proposatu zuen. Eraso berri horri tinko erantzun zieten langileek, eta epaitegiek berriz eman zieten arrazoia langileei. Azken epai hori da astelehenan gauzatu eta langileen berronarpena suposatu duena.
Laminaciones Arreguikoen (Celta Atlantic) borrokak erakusten du, konbentzimenduz eta zintzotasunez langileen eskubideen defentsan jarduteak merezi duela. Enpresa behin eta berriz tematu da oinarrizko eskubide eta askatasun sindikalari erasotzen, epaitegiak aurka izan arren. Eta langileak berriz, beti negoziaziorako gertu, enplegu eta lan duinaren alde. Aurrerantzean ere bide beretik jarraitu nahi dute, eskubideak elkarrizketa bidez defendatzen.