Laminaciones Arreguik errepresalia sindikalak amaitzea onartu du

Gatazka onbideratzeko oinarriak Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espediente batean dautza. Espediente hori irizpide homogeneo batzuen arabera egin da, diskriminazioa eta arbitrarietatea baztertuz.
Horrez gain, espediente horren bi urteko indarraldiaren ostean, enpresak egitura-plantilla doitu behar badu, klausula batzuen bidez espedientearen ondorioz galdutako langabezia-prestazioen pareko diru-kopuruak bermatuko dira.
ELA, LAB eta ESK sindikatuen oharra:
Laminaciones Arreguiko langileak eredugarriak izan dira, dira eta izango dira, langileriaren duintasunaren aldeko borrokan. Orain dela lau urte enpresa hau kaleratzeen eta errepresalia sindikalen bidetik abiatu zen, Araban inoiz ez bezalako moduan; eta orain enpresaren begirunea irabazi dute. Borroka sindikala luzea eta gogorra izan da. Borroka juridikoa hobeezina. Borroka egin dugu krisiaren aurka, lan-erreformen aurka, begiramenik gabeko multinazional baten aurka, Estatu Espainoleko ospe handiko abokatuen kabineteen aurka, sistemako sindikatu lausengarien aurka eta abar luze baten aurka. Legeria patronalaren neurrira eginda badago ere, epai aitzindariak irabazi ditugu.
Lau urte oso aldi luzea da, batez ere guk pairatu behar izan dugun bezala pairatuta, oso aldi luzea da pertsona baten bizitzan. Langileen irmotasun eta erabakitasunari esker, enpresak gaur errespetatzen gaitu, eta negoziatzen du. Hori da beti bilatu duguna, arazoei konponbide adostuak bilatzea.
Dena dela, hemendik aurrerako bidea ez da askoz errazagoa izango, baina enpresaren jarrera behintzat aldatzen ari da gure ustez. Ezarritako oinarriak, kudeatzaileak eta kabinete juridikoa aldatzearekin batera, oso lagungarriak izango zaizkigu. Guk egoera berri honen alde egingo dugu apustu. Behin Laminaciones Arreguiren begirunea lortu ondoren, arreta handiz begiratuko ditugu lan-kargak berreskuratzeko prozesua, merkatu-gune berrien sustapena, eta erdi-mailako arduradunen jarrerak (enpresak desagerrarazi beharko dituena).
Alde horretatik, Eusko Jaurlaritza premiatzen dugu aho batez hartutako trantsizio-akordio honekin bat egitera, eta industria-proiektu honen etorkizunari eusten parte hartzera. Hainbat urtetan gatazkan egon ondoren, Eusko Jaurlaritzak jarrera proaktibo bat hartu behar du, eta enpresa honetako jardueragatik eta enpleguagatik begiratu.
Ezin dugu ohar hau amaitu esker oneko bi aipamen egin gabe:
Lehenengoa herritarrentzat izango da, eman diguten sostenguagatik. Ehunka elkarretaratze, manifestazio eta bestelako ekintza burutu ditugu, eta beti jendearen berotasuna sentitu dugu.
Bigarrena langileen etxekoentzat, borrokaren eraginpean bizi behar izan dira luzaroan eta haien arnasarik gabe ezinezkoa izango zen honaino iristea.