Lan Arloko Auzitegiak Koxka behartu egin du berehala ELAko afiliatu diren 24 langile berronartzera

2014/07/18
Lan Arloko Auzitegiak Koxka behartu egin du berehala ELAko afiliatu diren 24 langile berronartzera
Iruñeko Lan Arloko 4. Auzitegiko epaiak Auzitegi Goreneko epaia berresten du; honek 2013ko uztailean kaleratzeak ezdeusak zirela ebatzi zuen, diskriminazio sindikala eta zergati ideologikoak medio, eta enpresa behartu egiten du langileak berehala berronartzera, baita urtebeteko soldatak ordaintzera ere. Epaian nabarmendu egiten dira auzi-eskea sartu zuten ELAko 24 afiliatuen itzulera atzeratzeko enpresak egin dituen maniobrak, inolako oinarri juridikorik gabeak.

Atzo, uztailak 17, ELAri jakinarazi zioten Lan Arloko auzitegi honen epaia; bertan ELAko afiliatu diren 24 langilek 2013ko ekainaren 2an sartutako auzi-eskea aintzat hartzen da, zeinetan Auzitegi Gorenaren epaia (kaleratzeak ezdeusak zirela zioena) betearaztea eskatzen zen.

Gogoratu beharra dago epai hark aitortzen zuenez, enpresak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako EEEak -besteak beste ELAko 24 afiliatuen kaleratzea eragin zuena- oinarri ideologikoa zuen; epaileak, diskriminazio sindikala izan zelarik, berronarpena agindu zuen.

Halere, enpresak orain arte langileak ez ditu berronartu; horretarako luzamendu juridikoaz baliatu da (ikus ondoko orrian datorren kronologia). Azken epai honek ere hau berresten du: 11. orrialdean dioenez, “enpresak langileak berronartzeko eginbeharra Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren sortu zen; ezin da horregatik ulertu eginbeharra atzeratu zitekeenik enpresak epaia deuseztatzeko hasi zituen tramiteen ondorioz, inolako oinarririk gabeko atzerapen izapideak izan baitziren”.

Lan Arloko auzitegiaren epaian aitortzen da eskubide sindikala urratu egin zela, eta enpresa zigortzen da langileak berronartzera, baita kaleratze eguneko biharamonetik berronarpen dataraino jaso ez dituzten soldatak ordaintzera ere (jurisprudentziak ez du ahalbidetzen kaleratu zituzteneko benetako egunetik, 2009ko otsailetik, ordaintzea). 

Halaber, epaiak aitortzen du soldata murrizpen eta etenik gabe jasotzeko eskubidea, enpresa saiatu baita tramitazio soldata horien ordaina osorik ez zedin osoa izan, UGTk eta CCOOek azken urtean sinatu duten jaitsiera eta EEEaren eraginak aplikatuz.

Epaia ezagututa, ELAk lehenik langileei zorionak eman nahi dizkie, justifikatu ezineko diskriminazio eta jazarpena pairatu baitute, eta gogora arazi nahi du bost urteotan zenbateko nahigabea jasan duten eurek eta beren senideek. 

Bestalde, sindikatuak salatu beharra du enpresa batzuk jokabide “mafiosoa” izan ohi dutela, oinarrizko eskubideak urratzen baitituzte, esaterako kasu honetan eskubide sindikala eta langileen defentsa. 

Horregatik, praktika hauen larritasuna erabat arbuiatu beharra dago, desadostasun ideologikoak gorabehera printzipio demokratikoen defentsa izan beharko bailitzateke lehentasuna, lan sindikala askatasunez gauzatu ahal izateko eta jazarpen ideologikorik ez pairatzeko bermea ziurtatze aldera. 

Lotsagarria da, eta oso esanguratsua, urtebete igarota CCOO eta UGT sindikatuen isiltasuna, hauek izan zirelarik EEEa sinatu zutenak, baita plantillaren aurkako jarreraren kontra ere. Jokabide miserable hauek salatzeko adierazpen publiko eta argia eskatzen dugu berriz. 

Azkenik, ELAk sententzia honen parte diren langile guztien berronarpena eskatzen du, baina baita jazarpen ideologikoa jasaten duten beste langile guztiena ere, injustizia honen biktima baitira. 

KOXKA prozesuaren kronologia 

2009.02.18

UGTk eta CCOOek EEEa sinatu zuten, Iruñeko lantegiko plantilla aurka zegoelarik, 275 lanpostu deuseztatzeko.

2009.02.24

ELAko afiliatu ziren kaleratuek EEEa errekurritu zuten.

2012.04.02

Madrilgo Justizia Goi-Auzitegiak ez zuen helegitea onartu; langileek Gorenean sartu zuten kasazio-helegitea.

2013.07.19

Auzitegi Gorenak ELAko afiliatuen helegitea aintzat hartu eta kaleratzeak ezdeusak izan zirela ebatzi zuen, eskubide sindikala urratu zelako.

2013.08.01

ELAk epaia burofax bidez enpresari jakinarazi zion.

2013.09.02

Kaleratuek auzi-eskea sartu zuten Iruñeko Lan Arloko Auzitegian, enpresan berronartuak izateko.

2013.09.10

Koxkak epaia deuseztatzeko intzidentea sartu zuen, auzibidera ez zutela deitu argudiatuz.

2013.09.23

Auzitegi Gorenak nulitate intzidentea ez zuen onartu, erabakiaz enpresa deitu zutela, baina ez zela agertu. 

2013.12.23

Koxkak indefentsioa medio babesa eskatu zion Auzitegi Konstituzionalari.

2014.04.23

Konstituzionalak ez zuen babes helegitea onartu.

2014.07.17

Iruñeko Lan Arloko 4. Auzitegiak ebazten du enpresak kaleratuak berehala berronartu behar dituela, baita tramitazio soldatak ordaindu ere.