Lan-egoera jasanezina Ormaiztegiko udalean

2006/02/22

Ormaiztegiko udaleko ELAren sekzio sindikalak salatzen duenez, lan-egoera jasanezina da Ormaiztegiko udalean. Hori dela, komunikatu hau plazaratu du.

Ormaiztegiko udaleko udalbatzak Zeles Otamendi udal idazkaria kaleratzeko hartu duen erabakia gaitzetsi egiten du ELA sindikatuak, alde batetik horrelako erabaki bat hartzeko eskumenik ez duelako udalbatzak, eta bestetik, langile publikoek beren jardueran behar duten independentzia profesionalari eraso egiten zaiolako.

Udalak bizi duen egoera egungo udalbatzak arazoa konpontzeko duen ezgaitasunaren ondorio da; gainera, arazo hori udalbatzak berak sortua da, eta hitz eginez konpondu beharrean, gaia izugarri puztu dute, pentsatu ezinezko egoera batera iritsi arte. Herritar askoren ustez hori guztia agerikoa eta nabarmena da, eta nahastuta daude alkateak nahiz OHT taldeak hartzen dituzten neurriz kanpoko erabakiak direla eta.

Zergatik heldu egoera horretara?

ELAk eta herritarrak pentsatzen dugu politikoak arazoak konpontzeko daudela, eta ez arazoak sortzeko; eta horregatik ez dugu ulertzen herritarren ordezkariek legea ez betetzea beren jardunean eta gehiegikeriaz jokatzea beren eskumenekoak ez diren erabakiak hartuz edo zuzenbideari lotua egon beharko lukeen kudeaketa politikoa arazo pertsonala bihurtuz. Eta beraz, funtzionarioa legea betetzeko eta betearazteko dago, eta ez unean uneko politikariaren jauntxokeriei men egiteko.

Mobbinga

ELAk gogorarazi du hori ez dela kontu berria, lehenagotik ere Udaleko langileek adierazi zuten 2001eko irailaren 19an udalbatzari egindako idatzi batean; idatzi horrek berak zioen Zeles Otamendi lankidearen egoera ikusita, gogorarazi nahi zutela udal teknikarien oinarrizko funtzioetako bat zela hainbat gairi buruzko informazioa ematea, eta ezinbestekoa dela lana askatasun osoarekin egiteko bermea, inolako errepresaliaren beldurrik gabe.

Badirudi gizarteak, erakunde politikoek, sindikatuek eta instituzio demokratikoek onartzen dutena, arazoa dela gure udalerrian. Eta gure ordezkari politikoek printzipio hori bere egin beharrean, Zeles Otamendi idazkariari esetsi eta jazartzen zaio etengabe, bere osasunean eraginez oraindik bajan dago 2005eko maiatzaz geroztik.

Gainera, beste jarduera batzuen artean, ELAk nabarmendu du udalbatzak ez dituela kontuan hartu bere garaian salatu zen erasoari buruz lan-administrazioko agintaritzak eman zituen gomendioak, eta inoiz ez duela onartu Zeles Otamendi ELAren Udaleko atal sindikaleko hizketakide gisa, nahiz eta udaleko langileek (guztiak dira ELA sindikatukoak) behin eta berriz Zeles aukeratu legeak dioenari jarraiki eta langile guztien babesarekin.

Amaitzeko, ELA sindikatuak ez du horrelako jokabiderik (udaletxeko langileek ere ezagutzen dituzte noski) onartuko.