Lan-erreformatik hitzarmenak blindatzen jarraitzen du ELAk

2014/02/27
Azken asteotan 16 enpresetan blindatu dira lan-erreformatik, sinatu dituzten akordioei esker. Enpresa horietan zuzendaritzak eta langileek hitzartu dituzten lan-baldintzak bete beharko dira nahitaez.

2012ko otsaileko lan-erreformak mugarri bat jarri zuen lan-baldintzen ibilbidean. Helburua oso argi zegoen: eskubideak kentzea eta soldatak baliogutxitzea. Aurrerantzean hitzarmen kolektiboak erreferentzia soil bat izango ziren, enpresariek nahierara bete gabe uzteko modukoak.

 Ak greba orokor bat gidatu zuen erreformaren aurka; eta, horrez gain, erreforma baliogabetzeko apustua ere egin zuen, enpresetan erreformaren aginduak saihesteko ahaleginak egingo zituela adieraziz. Sindikatu batzuek erreforma oso-osorik jasotzen duten hitzarmenak sinatzen dituzte, beste batzuek denbora-pasa mediatikoen atzean ezkutatzen dute beren antolakuntzarako ezintasuna; ELA, aitzitik, ondo ereindakoaren emaitzak jasotzen ari da.

Azken asteotan 16 enpresetan blindatu dira lan-erreformatik, sinatu dituzten akordioei esker. Enpresa horietan zuzendaritzak eta langileek hitzartu dituzten lan-baldintzak bete beharko dira nahitaez:

Echesa (Gamesa energy), Loire, Jaso Idiazabal, Electromecánica Pasaia, Carpintería Mendiola eta Goratu, Gipuzkoan.

Cemosa, Ormazabal, Arkema Química, Norten PH eta MFS, Bizkaian.

FM Logistic, SAS eta Faurecia, Araban.

Azko Mobel eta GKN Driveline, Nafarroan.

Hartu dugun abiada geldiezina da. Gero eta langile gehiagok antolakuntzaren aukera egiten dute, lan-baldintzak blindatzeko asmoz, eta enpresaren tamaina kontuan hartu gabe. Milaka langile dituzten enpresak zein 10 langiletik beherakoak blindatu dira erreformatik.Lan-erreforma onartu zenetik 300 baino gehiagotan negoziazio mahiak osatu dira.

Rajoyren erreforma gero eta gutxiago aplikatzen da Hego Euskal Herrian. Horretaz jabeturik patronalak, senetik aterata, ELAren aurka oldartu dira gaizki esaka. Guk ildo beretik jarraituko dugu, eta dei egiten diegu gainerako sindikatuei benetako borrokarekin bat egin dezaten: Egiazko borroka enpresetan dago, eta ez langileengandik hain urrun dauden negoziazio-mahai antzuetan.