Lan-eskubideen, enpleguaren eta zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioa Lakuan

2011/11/22
Azaraoren 23an elkarretaratzea egingo da goizeko 10,15etatik aurrera Lakuan lan-eskubideen, enpleguaren eta zerbitzu publikoen alde. Izan ere, ordu horretan bilduko da Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra.

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela bete aurreko lan hitzarmenean hartutako konpromisoak. Gogoratu ELAk 2009an sinatutako akordioak, besteak beste, 13.000 lanpostuen behin-behinekotasunarekin amaitzea jasotzen zituela. Administrazio publikoetako arduradunek, aldiz, langileon soldata izozketa eta plantillaren hazkunde eza  aurreikusten ditu.

Igor Eizagirre, Ramon Uriarte eta Jone Olariaga, Gizalan-Federazioko arduradunek akordioa mahia gainean jarriko dutela aurreratu dute gaur Gasteizen emandako prentsaurreko batean.

ELAko ordezkariek adierazi dute, kolektibo publikoa zigortu nahi dela, "sortu ez duen krisiaren ordaintzaile bihurtuz ". Era honetan, azken urteotan izandako soldaten ahalmenaren galera %13ren inguruan dagoela, azpimarratu dute...

"Gutxi balitz, enpleguaren ikuspegitik agindutakoa ez dute bete, ez ordezkapenak, konsolidazioak eta enplegu eskaintzetan ere. Honela zerbitzu publikoaren kalitatea narriatuko da eta egungo lan zamak handitu. Enplegu publikoaren suntsiketa honek bide ematen dio hainbat zerbitzu publikoren pribatizazioari, bereziki abagune honetan jendeak gehien behar dituenak".

Mahai Orokorrerako biharko deialdiaren testuinguruan badago zer aipaturik: hitzarmenaren ez-betetzeak ugariak izan baitira,  "Gobernua sasi-negoziazioaz baliatzen da Administrazioaren politika neoliberalak babesteko. Mahai horren benetako xedea babesa ematea da soldatak izozteari eta plantilla handitu gabe uzteari, hori onenean; zeren baliteke postu-amortizazioak ere egin nahi izatea".

Gobernu honek zerbitzu publikoetako langileekiko duen jarrera Euskal Funtzio Publikoaren Legearen  zirriborroan ere islatu dela, aurreratu dute. "Hor euskal zerbitzu publikoetako langileak zigortzeko joera areagotu da. Lege-zirriborroaren arabera, Administrazioa lan-harremanen jaun eta jabe izango da. Ez da negoziazio kolektiborik egingo, langileen eskubideak izoztu, aldatu edo baldintzatu ahal izango dira nahierara".

Lege-zirriborro horretan, azpikontratazioa mugatu beharrean, “pertsonalaren kudeaketa hobetzeko planak” izenaren pean enplegu publikoa beherantz birmoldatzea proposatzen da, edo dauden plantillak mantentzeko ezintasuna. Horri enpresa pribatuan EEE/ERE esaten zaio.

Hori dela-eta, ELAren eskakizunak biharko mahaiaren bileran ondoko hauek izango dira: aurreko akordioa betetzea, langileoi bidegabe bipildu digutena itzultzea, euskal langile publikoenganako begiramena izatea, eta negoziazio kolektiboari eustea. Eskatuko diegu herri-langileak gehiago ez zigortzeko, eta beste batzuek sortutako krisia guri ez ordainarazteko.

Azkenik, eskubideak galtzea, lan-baldintzak apaltzea eta zerbitzu publikoak urritzea dakartzaten politikak zeharo aldatzera premiatuko ditu..

ELAtik eskatuko du kendutako soldata-zatiak itzultzeko, eroste-ahalmenari eusteko eta igotzeko soldata-igoerak, eta enplegu publikoa sortzeko. Neurri horiek beharrezkotzat jotzen ditugu krisitik atera ahal izateko.

Hau bezalako krisi batean arduragabekeria iruditzen zaio sektore publikoa urritzen eta gizarte-gastua murrizten ibiltzea. Pribatizazioa sustatuz gero, enplegua suntsituko da eta —krisiaren aitzakiatan— herri-langileen baldintzak apalduko. "Argi dago agintariek aplikatzen dituzten politikak biztanle gehienen kalterako direla, batez ere baztertuen daudenen kalterako. Eta hori are larriagoa da baldin eta agintean dagoen gobernuak ezkerreko ikusmira duela badio".