Lan eskubideen murrizketa berriak salatu ditu ELAk

Diputatuen Kongresuan lan erreforma onartu berri den honetan, ELAk legebiltzarreko ibilbidean proiektuak hartu duen okerreko bidea salatu du. Adolfo Muñoz, idazkari nagusiak adierazi duenez langileen eskubideak kalteturik aterako dira eta sarraski itzela burutuko dute

Atzo Espainiako Kongresuan onartu zen testuak berretsi egin du erreforma laboralak parlamentuko tramitean okerrera egin duela. Hauek dira erabakirik okerrenak:

Kaleratzea are gehiago errazten da- Atzo onartu zen testuak hedatu egiten du kaleratzeak objektibo jotzeko aukera, izan ere, zergati ekonomiko oso zabalak zehazten baititu: kaleratzea eskatzen den une horretan “galerak izatea, edo izango direla aurreikustea, edota diru-sarrera mailaren jaitsiera iraunkorra...”.

Enpresei hitzarmena ez betetzeko aukera erraztea- Urrats berriak egiten dituzte oinarrizko lan-baldintzak aldatze aldera, eta kanpoko arbitrajea ezartzen da desadostasunak bideratzeko.

Enplegu mugagabea sustatzeko kontratua egiteko aukerak gehitzea; kontratu honek kaleratze bidegabe kasurako kalteordain askoz merkeagoa du.
Gobernuak konpromisoa hartzen du sei hiletan negoziazio kolektiboaren inguruko legeria erreformatzeko proposamena egingo duela.

ELArentzat atzo onartutako testuarekin eskubide laboral eta sozialak murrizteko etengabeko prozesuan beste urrats bat egin da. Prozesuak ez du amairik, eta bere abiapuntua da ontzat ematea langileen eskubideak daudela gaitz guztien jatorrian.

ELAk salatu egin nahi du erabilitako bidea guztiz antidemokratikoa dela. Herritarrei ez zaie informaziorik eman behar, eta horretarako uztaila eta abuztua gaitu dituzte Kongresuan eta Senatuan erreforma sakona onartzeko; helburua gizartean eztabaida saihestea da. Erreforma gauzatzeko uztailaren 29a aukeratu dute hain zuzen, eta Kongresuko batzorde batean gainera.

ELArentzat nabarmentzekoa da erreforma PSOEren aldeko botoekin eta CiU zein EAJren laguntzarekin atera dela aurrera, hauek abstenitu egin baitira. Taldeotako batek ezezko botoa eman balu, ELAk aurrez eskatu zuen bezala, erreforma ukatu egingo zen, eta langile-klasearentzako eskubideak berriro okertzea saihestuko zatekeen.

Azkenik, ELAk gogoratu nahi du atzo onartutako erreformaz gainera sei hilabeteko epea ezarri dela Espainiako gobernuak negoziazio kolektiboa erreformatzeko proposamen bat mahairatu dezan. Bai espainiar gobernuak, bai CCOOek, UGTk eta CEOEk (sindikatu hauek eta patronala asteazkenean bildu ziren gai honi ekiteko) adierazi dutenaren arabera, erreforma horrek honako ezaugarriak behar ditu:

  • Negoziazio kolektiboa zentralizatzea, lurralde mailako sektore-hitzarmenak ezabatuz edo zeharo murriztuz; hots, non eta zer negoziatzen dugun ukatzea.
  • Enpresako hitzarmenek sektorekoen edukiak baino okerragoak jasotzeko aukera ematea.
  • Hitzarmenen ultraaktibitatea mugatzea edo ezabatzea, negoziatzeko ahalmena duten subjektuak mugatzea, hitzarmenaren indar loteslea gutxitzea...

ELAren ustez deitoragarria da UGT eta CCOO negoziazio kolektiboari egindako erasoaren laguntzaile izatea.

Bilbon 2010.eko Uztailaren 30ean