Lan eta famili-bizitzan bateratzeko plana ere propaganda hutsa

2010/07/28
Joan den uztailaren 16an Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak iragarri zuen lana eta famili-bizitza bateratzeko esperientzia pilotu bat hasiko zela.ELAren iritziz, propaganda eta marketing kanpaina bat besterik ez da.

Joan den uztailaren 16an Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak iragarri zuen lana eta famili-bizitza bateratzeko esperientzia pilotu bat hasiko zela: lau enpresatan ordutegi berri bat ezarriko dela, Bellota Herramientas S.A., Euskaltel S.A., Lazpiur S.L. eta Vadillo Asesoresen, hain zuzen.

Ekinbidea egitasmo berritzaile bat bailitzan saldu du Enplegu sailak, baina oraindik ez da hasi. Honez gero enpresa horiek hitza ematea besterik ez dute egin, irailetik aurrera aztertuko dutela enpresako zein unitatetan egingo diren ordutegi aldaketak.

Zalantzazkoa da lau enpresa horiek aukeratzeko erabilitako irizpidea. Ez da egia EAEko sektore produktiboetako enpresa garrantzitsuak direnik. Eta jakingarria da bitan hauteskunde sindikalik ez dela egin.

Egitasmoa aurkezterakoan hitz handiak erabili ziren: “helburu partekatuetan langile eta enpresak inplikatuko dituen malgutasuna”, eta are “aldaketa kultural hau egiteko langileen, enpresaburuen eta administrazioaren arteko konpromiso partekatu eta parekidea”. Alabaina, Bellota Herramientas enpresako ordezkari sindikalei ez diete esperientziaren berri eman, ordutegiak aldatzea negoziazio kolektiboko gaia izanagatik, hots, langileen ordezkari sindikalekin hitzartu beharreko zerbait.

Euskaltelen kasuan, enpresak etengabeko lanaldia erabili nahi du, horren truke enpresako hitzarmenaren negoziazioan lan baldintzak okertzeko, eta lan ordu kopurua areagotzeko. ELAko atal sindikala ez dago ados gai honekin, eta gatazka kolektiboa sartu du epaitegietan. Egun ez daukagu gai honetan eparirik.

Honek agerian uzten du Enplegu sailak langileekin partekatzeko ez daukala interesik, esaldi biribilak eta hitz ederrak erabiltzen dituen arren. Euskaltelen kasuan larriago jokatu du, une honetan langileentzat gatazkatsua den gai batetan enpresari bere babesa eman diolako.

ELAk salatu egin nahi du ekinbide honekin ez dela lan- eta famili-bizitza bateragarri egin nahi. Enplegu sailarentzako propaganda eta marketing kanpaina bat besterik ez da.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren diskurtsoaren eta eguneroko praxiaren artean dagoen kontraesana salatu nahi du ELAk. Izan ere, gobernu hau babes soziala gutxitzen ari da (adibidez haur hezkuntzan edo gizarte zerbitzuetan) eta honek izugarri zailtzen du lana eta famili-bizitza bateratzea. Aurrekontuan onartu dituzten murrizketek egoera hau okertu besterik ez dute egingo.