Lan Harremanek Kontseiluko arduradunak gero eta argiago lerratzen ari dira patronalen posizioetara

2014/07/28
ELAk ohartarazi nahi du LHKren jarrera ez dela bat ere orekatua; hala ikusten da erakunde horretako arduradunek 2013ko Urteko Txostenaren aurkezpenean egin zituzten adierazpenetan.

Ohikoa da Confebaskek ELA bere asmoentzako oztopo gisa aurkeztea. Ez da kontu berria, baina gainera arrazoia du. Izan ere, erreformen aplikazioari eta lan prekarioaren hedapenari aurre egiten baitiogu.

ELAk ohartarazi nahi du LHKren jarrera ez dela bat ere orekatua; hala ikusten da erakunde horretako arduradunek 2013ko Urteko Txostenaren aurkezpenean egin zituzten adierazpenetan:

  • Ez da onargaria LHKk, negoziazio kolektiboaren egoera hain konplexua eta zaila delarik (areago azken hiru erreformen ostean) azterketa erabat sinpletzea ELAri errua leporatzeko eta patronalaren posizioa indartzeko.

  • Jakin nahiko genuke LHKk zer irizten dion PPk patronalari oparitu zion lege laboraletako eta negoziazio kolektiboko erreforma lazgarriari. Ez dute sekula kritikatu; beraz, ontzat ematen dutela pentsa daiteke (bai aurrekoa, bai atetan dagoena). Hura aipatzekotan, soilik une batean egiten dute, egiaztatzen dutenean “erreforma laboralak porrot egin du (…) uste zelako ultraaktibitatearen amaierak eragile sozialak akordioak iristera bultzako zituela (…) Baina ez da hala gertatu. Oso gogorra gertatzen zaigu ikustea LHKk bere egiten dituela erreforma justifikatu zuten argudio ideologikoak: ultraaktibitatearen amaiak soldaten jaitsiera behartuko du. Erreformaren beraren arduradunek aitortu dutenez, haren xedea zen milaka langile benetako negoziazio kolektiborik gabe uztea, soldata jaitsiera bultzatze aldera.

  • Halaber, onartu ezinekoa da LHKk ELAren estrategia arbuiatzea esanaz soilik enpresa-hitzarmenen alde egitea ez da alternatiba eragingarria”. Hau esanda LHK gezurretan ari da (saihestu egiten ditu hitzarmen sektorialak, baita zein baldintzatan sinatu diren ere), eta agerian uzten du negoziazio kolektiboko bere helburua dela -edukiak eta aplikazio-bermeak gorabehera- hitzarmenak Confebasken neurrira ixtea. Erabateko astakeria da ELAri negoziazio kolektiboaren blokeo egoera leporatzea.

  • LHKk CONFEBASKi ez dio kritikarik txikiena ere egiten, bera izanik erreformaren onuradun nagusia; CEOEko kide batek esan zuen bezala, “ez dago negoziatzeko inolako beharrik”.

  • LHKk “negoziazio kolektiboaren estaldura” aipatzen du, baina alde batera uten du erreformek eta langabezia maila altuak izan duten eragin orokorra: gero eta jende gehiagori ez zaio hitzarmen sektorialik aplikatzen.

  • Gainera, LHKk badaki ordezkaritza patronalaren egiaztapena benetako arazoa dela. Patronaletan ez da hauteskunderik egiten; emandako ordezkaritza bat da eurena. Horretaz ezer ez du aipatzen, eta guri ekiten digu, saiatzen ari garenoi Confebaskek ez dezan erreformaz baliatuta negoziazio kolektiboa blokeatu eta betoa ezarri. Confebaskek, bere “ordezkaritza monopolioa” irmo defenditzeko prest, galarazi nahi du beste edozein patronalek akordioak sinatzea, kasu askotan berak legeak eskatzen duena baino ordezkaritza izanagatik ere; areago, zenbait kasutan beste patronalei eskatzen diena baino ordezkaritza txikiagoa duelarik. Antza, LHKrentzat halako jarrera larria ere ez da kontutan izatekoa.

ELAk ikusi du LHKko arduradunak gero eta argiago lerratzen ari direla patronalen posizioetara. Datu ekonomiko guztiek adierazten dute desberdintasuna areagotzen ari dela, eta soldaten jaitsierak aberastasunaren banaketan duen eragina. Oraindik amaitu ez diren erreformek sindikatuon jokalekua goitik behera aldatu digute. Haatik, badirudi LHK tematuta dagoela sindikatuok ezer gertatu ez bailitzan jokatzen jarrai dezagun.