Lan Harremanen Kontseiluan ordezkaritzarik ez izendatzea erabaki du ELA-k

2007/06/13
Lan Harremanen Kontseiluak eskaera luzatu dio ELAri, berak ordezkatzen duen %44,73aren arabera, organo horretan dagozkion partaideak izenda ditzan.

Iazko urriaren 6an hartutako erabakiaren ildotik, organo horretarako inongo ordezkaritzarik ez duela izendatuko adierazi die ELAk Lan Harremanen Kontseiluko arduradunei. Data hartako idazkian “Lan Harremanen Kontseiluan bere partaidetza mugagabe etetea eragin guztietarako ” erabakiaren berri helarazi zitzaien. Ekainaren 13ko beste idazkian, ordezkaririk ez izendatzeak inolaz ere ez duela esan nahi aurreko ordezkariak tazituki izendatzen direnik adierazten da.

Jakin bezala, ELAk publikoki agertu zuen erabaki hau behin CEBEK patronalak (Confebask-eko partaidea), akusazio partikularra moduan, gure sindikatuko militanteen aurkako hainbat urtetako kartzela eskatu ondoren. Gertaerak 2002koak dira Bizkaiko Hormigoi eta Harrobiak sektorean burututako greba garaian eta patronalak gutxiengoarekin sinatutako akordioaren ostean.

ELAren aburuz, honelako baldintzetan ezin daiteke lan harremanen gaietarako bilgune organo batetan honako patronalarekin partaide izan.Hain zuzen, modu hausnartu eta hautatuan, patronal honek sindikatuko militanteak kriminalizatzea erabaki du batetik eta, negoziazio kolektiboko gehiengoaren joko arauei iruzur egiteko akordioak bultzatu, bestetik. Hari horretatik, ELAren ustez ,Lan Harremanen Kontseilua akordioak topatzeko eta bilgunerako organoa behar du izan, elkarrekiko begirune eta aitorkuntzan oinarritua. CEBEK.ek hartutako erabakiak ez datoz bat oinarri horiekin.

Gure erabakiaren arrazoiak indarrean dirautela jakinarazi die ELAk eskuartze organo honen arduradunei eta, bide batez, Lan Harremanen Kontseiluan gure partaidetza ezari buruz erabakiaren ondorioak erabatekoak direla ere.