Lan heriotzak eta gaixotasun profesionalak %10 baino gehiago handitu ziren 2021ean

2022/04/12
Gehiengo sindikalak (ELA-LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU) gutxienez 68 lan heriotza zenbatu ditu 2021ean. Datu negatibo horrek erakusten du aurreko urteetako joerarekin jarraitzen dugula. Pandemiaren ondorioz mugak eta murrizketak izan diren arren gizartean zein lanean eraginez, laneko ezbeharrek nabarmen egin dute gora 2021ean. Laneko istripuek eta laneko gaixotasunek gora egin dute lurralde guztietan: EAEn, %10,2, eta Nafarroan, %16,7, 2020an erregistratutako datuekin alderatuta.

Iaz, EAEn egunero gutxienez 205 pertsonak izan dute lan istripuren bat; Nafarroan 30 izan dira. Laneko gaixotasunei dagokienez, estatistika ofizialetan salatzen jarraitzen dugu azpierregistroa. Hego Euskal Herrian soilik gutxienez 12 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako patologiengatik, baina asko ez dira laneko gaixotasun gisa deklaratzen; beraz, estatistika ofizialak ez dira errealitatearekin batere fidelak. 2021ean, estatistika ofizialek 35 lan heriotza jasotzen dituzte EAEn eta 13 Nafarroan, aurreko urtean baino 8 eta 2 langile gehiago hil ziren, hurrenez hurren. Gehiengo sindikalak, ordea, 48 lan heriotza zenbatu ditu EAEn, eta 20 Nafarroan, informazioa eskuratzeko aukerarik ez izatearekin batera.

Lan heriotzen artean, % 26 ez traumatikoak izan dira, % 14 altueratik erorita, % 22 initinere, %28 harrapaketa edo kolperen baten ondorioz. Bestetik, % 19 azpikontratatuak ziren eta hildakoen %15,6 garraiolariak.

Industriaren sektorean izan dira lan heriotza gehien (% 44), zerbitzuen sektorean ondoren ( %28) eta eraikuntzaren sektorean ( %11). Aipamen berezia merezi du basogintza sektoreak, 2021ean 6 langile hil baitira, guztizkoaren % 13. Arrantzale bat, nekazaritza sektoreko langile bat, 17 pertsona amiantoaren eraginpean eta 10 garraiolari hil dira. Era berean, gure estatistiketan erregistratuko ez ditugun arren, bi langile hil zituzten Burkina Fason, kazetari lanetan ari zirela.

Zifren dantza alde batera utzita, datu horien atzean ezkutatzen dena da lan istripu bat edo lanetik eratorritako gaixotasun bat hurbil-hurbiletik bizitzea lehen eskutik ezagutu duten pertsonen eta familien sufrimendua eta mina. Hego Euskal Herriko lan istripuei buruzko datuak ulertezinak dira, eta are gehiago kontuan hartuta istripu eta gaixotasun profesional oro saihets daitekeela baliabide tekniko eta giza baliabide egokiak jartzen badira. Hemen huts egiten jarraitzen da. Ez da diru nahikorik bideratzen lantokietan segurtasun baldintza egokientzako inbertsioari aurre egiteko. Enpresak prebentzioan gastatu behar du, langileei oinarrizko baldintzak emateko. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ez dituzte prebentzio politikak aldatzen, eraginkorrak ez direla ikusi bada ere, eta ez dira langile gehiago kontratatzen enpresetan prebentzioa egoki bermatzeko. Horregatik, Lan Ikuskaritzan eta Osalanen langile teknikoak gutxienez 100 gehiago izatea eskatzen dugu EAEn eta 50 gehiago Nafarroan, Europar Batasunarekin parekatzeko eta arrisku edo ezbeharrak dituzten enpresak hurbiletik ikertzeko.

Hori aldatzen ez den bitartean, prekarietateak enpresetan jarraitzen duen bitartean, urtero 50 pertsonatik gora hilko dira lanean Hego Euskal Herrian. Sindikatuak hori gerta ez dadin lanean jarraituko dugu.

Irakurri dokumentu osoa: