Lan heriotzak salatzeko kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan

2021/08/24
Lan heriotzak eta prekarizazioa salatzeko elkarreratzea egin dute gaur ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Pasa den astean, abuztuaren 21ean, hil zen beste langile bat Derion, teilatutik erorita. Jada guztira 42 behargin hil dira 2021ean, horietatik sei abuztuan.

Egoera hori salatzeko egin dute sindikatuek kontzentrazioa eta administrazioari eskatu diote geldi dezala lanean gertatzen ari den “sarraskia”. Izan ere, ELA sindikatuak salatu duenez, prekarizazioa dago heriotza horietako askoren atzean: lanaldi amaigabeak, prebentzio araudien gabezia, sektoreko hitzaremenen urratzea... Jaurlaritzak, ordea, “beste aldera” begiratzen du, lan baldintza duinak bermatzeko aurrerapausorik eman gabe. Egoera hori irauli dezan eskatu diote kontzentrazioarekin.