Gipuzkoako Kale Garbiketa eta Zabor Bilketa

Lan hitzarmenaren negoziazioan patronalaren blokeoa hausteko mobilizazioak iragarri dituzte

2023/09/18
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk lehen elkarretaratzea iragarri dute Zinemaldian.

Bederatzi hilabete eta 11 negoziazio bilera baino gehiagoren ondoren, Gipuzkoako Kale Garbiketa eta Zabor Bilketako sindikatuek negoziazioa patronalak blokeatuta dagoela salatu dute. Hori dela eta, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak negoziazio mahaitik altxatu dira.

Sektore honetan 1.500 pertsona baino gehiago ari dira lanean, besteak beste: kale garbiketa, zabor bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze plantak, estolderia, eta bestelako lanetan.

Urtarrilean sindikatuek 28 puntu biltzen dituen plataforma aurkeztu zuten. Besteak beste, KPIa bermatzeko, erretiroan hobekuntzak ezartzeko eta sektoreko lan baldintzak hobetzeko, baina lau hilabeteren ondoren, patronalak ia proposamen guztiak baztertu ditu.

Ekainaren 17an manifestazioa egin zuten Donostian. Ehundaka langile batu ziren negoziaketaren blokeoa salatzeko. Ikasturte berriaren hasierarekin batera eta plantillen erosahalmenaren galeraren aurrean, sindikatuek "intentsitate handiko ziklo mobilizatzailea" hastea erabaki dute udazkenean, aste honetan bertan Zinemaldian elkarretaratzea eginez hasiko dena.

Patronalari ez ezik, azpikontratatutako zerbitzu publikoen gatazka honetan eragile nagusiak diren udal eta mankomunitateei ere dei egin diete. Maiatzean, sindikatuok bilerak eskatu zieten udal eta mankomunitate guztiei, eta inork ez zien erantzun.

Langile guztiei mobilizazioekin bat egin eta parte hartzeko eskatu diete lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren aldeko borrokan.