Petronor
Lan ikuskaritzak 16.000 euroko isuna ipini dio Petronorri arau hauste larri batengatik

2023ko ekainean, ELAko atal sindikalak salaketa bat erregistratu zuen Lan Ikuskaritzan, Petronorrek behin-behineko kontratazioan iruzurra egiteagatik. Zehazki, Lan Ikuskaritzari eskatu zitzaion 17 pertsonen ekoizpen gorabeherengatik zuten kontratua mugagabe bihurtzeko.
2023ko abenduaren 7an, Lan Ikuskaritzak egindako txostenean jakinarazi zuen “ikertutako enpresari errekeritu zaio 2024-01-18an Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileorde sinatzailearen aurrean egiazta dezan lehen aipatutako ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak mugagabe arrunt bihurtzea”. Petronorrek, ordea, ez du bete Lan Ikuskaritzaren errekerimendua, eta Ikuskaritzak arau haustearen akta egin du, aipatutako isunarekin.
ELAko atal sindikalak salatu du Petronorrek lan baldintzak prekarizatzea erabaki duela, kontratatutako azken langileak ezegonkor baitaude, nahiz eta beharrezkoak izan findegiak baldintza seguruetan funtziona dezan. Bestalde, kontratazioaren prekarizazio horrek zein absentziak eta lizentziak ez betetzeak arriskuan jartzen du Petronorreko langileen bizitza, batzuetan lanaldi luzeak egin behar izaten baitituzte.
Era berean, Lan Ikuskaritzaren eraginkortasun eza salatu nahi dute. 7 hilabete baino gehiago behar izan ditu kontratazio iruzur salaketa bat ebazteko, zehazpen bat ezarriz, 16.000 euroko isunarekin. Azken urtean mozkinen bigarren emaitza historikoa lortu duen enpresa bati (348,9 milioi euro) oso errentagarria zaio legea haustea, berandu eta gaizki erantzuten duen erakunde baten aurrean.
ELAko atal sindikalak enpresan antzematen dituen irregulartasunak salatzen jarraituko du. Pertsona horien kontratuak erregularizatzeko eskatzen dio enpresari, baita era guztietako hutsuneak betetzeko langile gehiago kontratatzeko eta prestatzeko ere.