Lan ikuskaritzak Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren aurkako neurriak hartu ditu, greba eskubidea urratzeagatik

2008/01/31
Lan eta Gizarte Gaietarako Ministeriok jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez zuela bete Lan Harremanen gaineko Legeak ezartzen duena Sukalde eta Garbiketako kolektiboan Eskola Publikoaren kolektibo guztietan 2007ko maiatzaren 18rako deitutako grebaren garapenean eta, ondorioz, dagokion prozedura zigortzaileari ekingo diola.

Jakitun izanik joan den maiatzaren 18ko Eskola Publikoaren greban zenbait ikastetxetan sukaldeko langile grebalarien lana beste langile edo enpresen bidez egina zela, ELAk salaketa jarri zuen Lan Ministerioan hiru ikastetxe publikoren kasuan agerikoa joz gertaera hori.

Ikuskaritzak, bidezko ikuskatzeak burutu eta salatutako ikastetxeetako zuzendaritza eta Hezkuntzako ordezkariekin elkartu ondoren, erabaki du ikerketa gai izan diren hiru ikastetxeetan langileek gauzatu zuten Greba Eskubidea edukiz hustua izan zela, lan geldialdiak sortutako presioa indargabetuz eta grebalarien lana ez zegokien pertsona eta enpresen bidez betez. Ikuskaritzaren txostenak argi dio Sailak ez duela Lan Harremanetarako Legea bete eta bidezko prozesu zigortzaileari ekingo diola.

ELAren iritzirako SUKALDE-GARBIKETAKO kolektiboak Hezkuntza Sailarekin greba edo beste era bateko beligerantzia jarrerak izateko arrazoiak aski soberan ditu tamalez:  Hitzarmeneko Mahai Negoziatzailera behin bakarrik ere deitua izan ez den kolektiboa da eta Hezkuntzan eta Eusko Jaurlaritza guztian soldata txikienak dituen kolektiboa da. Hori horrela da eta ez dago horren eztabaidarako lekurik. Argi dago baita ere kolektiboak presio handia egin dezakeela.

ELAkook ere argi daukagu eta badakigu kolektiboaren errebindikazioak lortzeko bide bakarra borroka eta konfrontazioa direla. Gogoko genuke kolektiboko langileak oro har, eta gainontzeko sindikatuek ere,  azterketa honekin bat egingo balute, horrela  gure errebindikazioek eta Hezkuntza Sailak merezi duten erantzuna eratu ahal izateko.