Laneko jazarpena
Lan istripu gisa hartu du epaileak Gorlizko udaltzain batek sufritutako antsietate baja

Bilboko Lan Arloko 2. zenbakiko Epaitegian hartu dute erabakia eta, ELAk jakin duenez, jazartzaileak lanean jarraitzen du. Epaiak frogatutzat ematen du Udalak 2019tik zuela egoeraren berri baina ez zuela neurririk hartu eta, azkenik, 2021ean hartu behar izan zuela baja langileak.
Udalaren pasibotasuna
Epaiak jasotzen duenez, erasotzaileak jarrera iraingarriak izan zituen eta demandatzaileari buruzko lekuz kanpoko iruzkinak egin zituen. Era berean, agerian geratu da Udalaren pasibotasuna.
Bidelagunek, osasuna sustatzeko ELAren Fundazioak, eraman du kasu honen zuzendaritza juridikoa. Oso positibotzat jo du epaia eta oso larritzat Gorlizko Udalaren pasibotasuna langileak jasandako etengabeko jazarpen egoeraren aurrean, antsietate baja eragiteraino.
Horregatik, Bidelagunek ekintza judizialak hasiko ditu Gorlizko Udalaren kontra, segurtasun neurrien ezagatik, eta ez duelako langilea babesteko eta indarkeriarik gabeko lan giro osasungarri bat eskaintzeko legezko betebeharra bete.