LAN HERIOTZA

Lan istripu hilgarria Zornotzako Forest Trafic enpresan

2025/01/02
2024 urtean Hego Euskal Herrian gutxienez 66 langile hil ziren lan istripuen ondorioz: Bizkaian 20, Gipuzkoan 18, Araban 4 eta Nafarroan 24

Abenduaren 30ean, 14:00ak aldera, Boroako industrialdean dagoen FOREST TRAFIC SL enpresako langile batek lan-istripu larria izan zuen biltegiko inbentarioan lanean ari zela. Azkenean, langile hori hil egin da, jasandako zaurien ondorioz.

Antza denez, enpresako arduraduna eskorga batekin egurrezko pakete batzuk mugitzen ari zela, beste egurrezko pakete batzuk irrist egin zuten eta inguruan lanean ari zen langile baten gainera erori ziren, langilea harrapatuta. Langileak 41 urte zituen eta biltegian lan egiten zuen.

Prebentzio-neurririk eza da, berriz ere, istripu berri honen sorburua. Enpresek ez dituzte prebentzio-neurriak lanpostu bakoitzera egokitzen, eta horrek istripuak eta laneko gaixotasunak areagotzen ditu. Lantokietako prekarietateak nabarmen egin du gora, eta langileen osasunari eta segurtasunari eragin die zuzenean.

Berriro eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Lan Ikuskaritzari bitarteko gehiago izenda ditzatela enpresetan prebentzio-lanak kudeatzeko, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen indizeak murrizteko. Testuinguru horretan, ELAk lan-istripuekin behin betiko amaitzeko borondate politikorik eza salatu du.

ELAk mobilizazioak antolatuko ditu datozen egunetan istripu hilgarri hau salatzeko.